Eduki publikatzailea

Orriz orri euskara erabili, orriz orri euskara igorri

Dagoeneko martxan da irakurzaletasuna, liburutegiak eta euskal literatura sustatzeko Pasaiako Udalak herriko eragileekin elkarlanean martxan jarri duen kanpaina. Liburutegietako euskarazko liburuak irakurrita bakoitzak nahi duen liburua erosteko deskontu handiak lortzeko aukera izateaz gain, hainbat ekintza berezi antolatu dituzte antolatzaileek, horietako bi helduei zuzenduak.

Batetik, Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea liburuari buruzko solasaldia izango da Pako Sudupe idazlearekin. Abenduaren 4an, 19:00etan, Pasai Antxoko liburutegian. Bertara joaten direnek egin ditzaketen galderei erantzuna ematen saiatzeaz gain, galdera hauen inguruan mintzatuko da: Bergarako Olaso dorretxe ezin ederragoan jaiotako Telesforo Monzon, posizio sozial inbidiagarriko gizona nola igaro zen, lehenik, familiaren karlismo-integrismotik Eusko Alderdi Jeltzaleko politikari eta hizlari famatua izatera Espainiako II. Errepublikaldian?, eta 60ko hamarkadan, ETAko iheslariekin eta abertzale berriekin bat egitera, Herri Batasunako kide gailen izatera? Zerk eraman zuen azken urteetan borroka politiko gogorrean murgiltzera, desobedientzia ekintzetan eta gose-grebetan parte hartzera, ondasun materialen jabe izaki, goxoki bizitzea esku-eskura zuelarik? 

Zer testamentu politiko eta ondare literarioa (poemak, antzerkiak, prentsa-artikuluak, abestiak) utzi zigun? Liburuaren idazleak, beraz, aukera polita eskainiko digu memoria politiko-literarioa berritzeko eta aberasteko.


Abenduaren 14an, 21:00etan euskal literaturako emakume poeten poesia emanaldia izango da Trintxerpeko liburutegian, Eider Perez eta Joannes Jauregiren eskutik. Euskal Poetak. Andre eta jabe ikuskizunak aintzinako eresietatik hasi, Bizenta Mogel bisitatu, Emakume Abertzale Batzako andereei kasu egin, eta gaur egungo poetenganaino egingo du bidea, euskal emakume poeten bizitzak eta ahotsak plazaratuz.

Eider Perez eta Joannes Jauregiren  esanetan ohituak gaude etxeko ateak ireki eta oinez sartzen. Oraingoan, ordea, zera proposatzen digute: “Zabal ditzagun behingoz leihoak! Zabaldu zirrikitu eta prespektiba berriak ikusteko, eta ieup! salto egin, lorontziak zeharkatu eta sar gaitezen leihoetatik etxe barrura. Bertan dauzkagu andre poetak zain.”

Ikuskizunaren edukiak literatura eta generoko hainbat ikerlan jasotzen ditu. Eta ikerlan horietan oinarrituta, euskal emakume poeten historiaren proposamen bat aurkeztuko dute irudiaren, antzerkiaren eta errezitaldiaren bitartez. Zuzeneko musikak lagunduta oharkabean igaro diren ahotsak ezagutu eta gozatzeko aukera izango dute bertaratuek. Emanaldia lunch batekin amaituko da