Eduki publikatzailea

Irakurzaletasuna, udal liburutegiak eta euskal literatura sustatzeko egitasmoa

Orriz orri euskara erabili, orriz orri euskara igorri

Aurten ere euskarazko irakurzaletasuna indartzeko asmotan “Orriz orri euskara erabili, orriz orri euskara igorri” ekimena jarriko dugu martxan. Hasteko, ekimenean parte hartuko duten eragileak honako hauexek dira:

  • - Herriko ikastetxeak: Pasaia Lezo Lizeoa, Karmengo Amaren herri eskola eta Anunciata ikastetxea.
  • - Herriko euskaltegiak: udal euskaltegia eta Txirrika AEK euskaltegia.
  • - Dendariak: Urdin eta Isasa liburu-dendak (Ez geratu atean, sartu kalitatean euskaraz ekimenekoak biak).
  • - Pasaiako liburutegiko irakurketa kluba.
  • - Pasaia Lezo Lizeoko ikasleak
  • - Udala: Liburutegiak eta Euskara Saila.
Orriz orri euskara erabili, orriz orri euskara igorri ekimenak hainbat helburu lortu nahi ditu:
  • Irakurzaletasuna sustatzea.
  • Udal liburutegien erabilera bultzatzea. 
  • Euskarazko literatura ezagutaraztea.
  • Euskal liburugintza indartzea.
  • Herritarren kultur kontsumoan euskararen presentzia indartzea.
Haur eta gazteen artean ohikoa da euskaraz irakurtzea, baina 16 urtetik gorako herritarrek gaztelaniaz irakurtzen dute batik bat. Ohitura horiek aldatzen laguntzeko ekimena da hain zuzen ere . Hori dela-eta 16 urte inguruko gazteekin jarri gara harremanetan ekimenaren berri zabaltzen laguntzeko. 
Kanpainari ikusgarritasuna emateko gazteek sustapen bideo bat prestatu dute Hiru Damatxo komunikazio enpresakoen laguntzaz. Ideia Stranger Things telesailean oinarritu da, mundu errealean eta beste dimentsio bateko munduaren artean gertatzen baita istorioa. 

Nola parte hartu?

  • Herritarrak udal liburutegiko mailegu zerbitzua baliatuz bertako euskarazko liburu bat eramango du etxera han irakurtzeko.
  • Behin irakurrita, liburutegira itzuliko du liburua, eta irakurle-fitxa erraz bat beteko du bertan.
  • Liburutegiko arduradunak erosketa txekea emango dio irakurleari, eta hark txeke horrekin % 25 merkeago erosi ahal izango du euskarazko liburu bat. Euskaltegietako ikasle edo mintzalagunentzat… erosketa txekeen balioa % 50ekoa izango da. Kasu honetan euskaltegiko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
  • Bi liburu-dendatan erosi ahal izango da txeke horrekin: Pasai San Pedroko Isasa paper-dendan edota Pasai Antxoko Urdin paper-dendan.

Sariak

Udal liburutegi bakoitzean 30 €-ko bi bale zozketatuko dira kanpaina bukaeran parte-hartzaileen artean, bata 16 urtetik beherakoen artean; eta bestea16 urtetik gorakoen artean. Bale horiek euskarazko liburuak erosteko izango dira. Erosketa-baleak ezin izango dira erabili honako hauek erosteko: gramatika-liburuak, hiztegiak, entziklopediak, eskolako liburuak. Dena gastatu ezean ez da dirurik itzuliko.

Noiz gauzatuko da kanpaina

Kanpaina azaroaren 12an hasiko da eta abenduaren 17ra arte luzatuko da. Erosketa txekeak erabiltzeko eta baleak gastatzeko azken eguna, berriz, urtarrilaren 4a izango da.

Ekintza bereziak

Kanpainan zehar hainbat ekintza berezi izango dira liburutegietan adin desberdinetako herritarrei zuzenduak:
  • Haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioak Badut taldearen eskutik. Ipuin musikatuak izango dira: azaroaren 12an Pasai Donibaneko liburutegian, azaroaren 13an Pasai Antxokoan eta azaroaren 14an Pasai San Pedrokoan. Hirurak 18:00etan.
  • Helduei zuzendutako ekintza berezia euskal literaturako emakume poeten poesia emanaldia izango da, Eider Perez eta Joannes Jauregiren eskutik. Azaroaren 23an 21:00etan egingo dugu eta lunch batekin bukatuko da.
  • Helduei zuzendutako ekintzen artean Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea liburuari buruzko solasaldia antolatu dugu Pako Sudupe idazlearekin. Abenduaren 4an, 19:00etan, Pasai Antxoko liburutegian.
  • Ikastetxe eta euskaltegietako ikasleei kanpainaren berri emateko aurkezpen saioak ere antolatuko dira Pasai Donibane, Pasai Antxo eta Trintxerpeko liburutegietan.
  • Eta ikastetxeetako gazteei zuzenduta, haiek irakurritako euskarazko liburu baten idazlearekin egingo dugu saioa. Aurten Pasaia Lezo Lizeoko ikasleek zer liburu irakurri aukeratzeko parte-hartze saio bat egin dute, Oier Guillan idazleak lagunduta. Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia liburua aukeratu dute eta idazlearekin abenduaren 17an elkartuko dira liburuari buruzko solasaldi bat izateko.