Eduki publikatzailea

ONGI ETORRI GAZTE programaren barruan Donibaneko gazteek egindako bideoa etorri berriei harrera egiteko

“Ongi etorri gazte!” egitasmoaren bitartez, Pasaiako gazteek eta nerabeek zuzenean hartu dute parte etorri berriei harrera egiteko. Izan ere, programa horren azken ekintza Donibanen grabatutako bideoa aurkeztea izan da. Bertako gazteek Donibanera bizitzera etorri berri diren gazteei harrera egiteko asmoz, alai eta bizi, herriko txokoak eta jarduerak erakutsi dizkiete.

Pasaiako Udalak, Haur eta nerabeen eskubideen Arloaren, Migrazio eta Aniztasun Arloaren eta Gazteria Departamentuaren bidez, Farapi Kooperatibarekin eta Rekkam enpresarekin batera, sustatu dute prozesu hori. Gazteekin aniztasuna eta harrera lantzeaz gain, Donibaneko eragile ugariren parte-hartzea bultzatu da, helburu argi batekin: haur eta nerabeen ESKUBIDEAN izeneko Planean jasota dagoen harrerari buruzko konpromisoa betetzea. Gogoan izatekoa da UNICEFek, joan den azaroan, haurren eta nerabeen lagunen herri izendatu duela Pasaia, plan horri esker.

Donibaneko bideo horren aurkezpena joan den ostiralean, otsailak 1, arratsaldeko 19:00etan izan zen. Juanba Berasategi aretoan prozesuan parte hartu zuten gazte eta eragileak elkartu ziren bideoa ikusteko. 40 haur eta gazte bildu ziren eta haiek izan ziren protagonistak.

Mila esker guztiei, eta bereziki gazteei eta eragile hauei:

  • • Ludoteka
  • • Kuadrilategi
  • • Arraun elkarteak
  • • Gaztelekua
  • • Liburutegia
  • • Antzerki taldea
  • • Musika eskola
  • • Kale hezitzaileak