Eduki publikatzailea

Omenaldia Pasaiako raketistei

Badirudi frontoietan jokatzen zuten emakume haiek munduko lehen kirolari profesionalak izan zirela. Aurrez ere hainbat saiakera izan zen emakumeak pilotaren munduan sartzeko: 1917an Ildefonso Anaitarte enpresaburu donostiarrak emakume batzuk eraman zituen Madrilera eta jokatzen jarri zituen. Zurezko erraketa gogorrekin eta teniseko pilotekin jokatzen hasi ziren arren, berehala hasi ziren larruzko pilotekin. Frontoi txikietan jokatzen zuten, abiadura handian, eta inolako babesik gabe. Ikuskizuna ziurtatuta zegoen.

Izan zuten arrakasta ikusirik, frontoiak ugaritu ziren bai Espainian eta bai Ameriketan. Zabalkunde horrek pilotariak eskatzen zituen eta, horren ondorioz sortu zirten raketa-eskolak.

15 bat urterekin uzten zuten haien etxea, eta pilotari trebe bilakatu ondoren, gehienek familiari bidaltzeko adina diru irabazten zuten. Emakume aitzindari horiek Euskal Herrian gaizki ikusiak ziren oro har, ez zirelako garai hartako emakumeen moldeetara egokitzen; kanpoan, berriz, horietako asko eta askok arrakasta itzela lortu zuten.

Hori dela eta, Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol elkarteak ikerketa-lan bat egin du, pilotari haien historia zabaltzeko, orain arte isilean gorde den historia. Jon Juanes Iragorri, RAKETISTAK LOKKEren izenean, eta Ainhoa Palomo dira ikerketa horren egileak.

Dokumentuetan Pasaiako raketista batzuk ageri dira, elkarteak dionenez, honako hauek:

PASAI ANTXO:

  • Maria Pilar Belza, “Belza”
  • Maria Lusia Senar, “Senar”
  • Maria Dolores Larramendi “Larramendi I”
  • Yolanda Sarasua Lemus, “Yolanda”
  • Lolita Sarasua Lemus “Lolita” 

SAN PEDRO

  • Malen (ez da haren abizenik aurkitu, ezta jokalari gisa zuen izenik ere)

DONIBANE

  • Ramonita Gametxo, “Ramonita”
  • Mari Carmen Sistiaga (ez dakigu ze izenekin jokatu zuen)
  • Natividad Trecet “Trecet”

RAKETISTAK LOKKE kirol elkartearen helburua da emakume kirolari horien historia agerraraztea. Garai bateko ikur izan dira, eta urteetan isilik iraun dute. Elkarteak hainbat jarduera eskaintzen ditu interes publikokoak direnak, eta Pasaiako herritarren mesederako direnak. Nola ez, emakume kirolarien historiaren berri eman eta haien ibilbidea dokumentatu ez ezik, ikus-entzunezkoen bitartez informazioa hedatuko du. Halaber, modalitatearen praktika berreskuratu ahal izango du, eta tresnak jarriko ditu eskura, diziplina horretako partidak eskaintzeko.

Pasaiako Udala jakitun da kirol-elkarte bakan honek zer garrantzi duen, eta zer helburu bete nahi dituen, eta horregatik egoki irizten dio norabide berean ahaleginak batzeari, sustatze-lana egiteko dokumentazio, ikus-entzunezko hedapen eta proiektuaren zabalkundean. Eta horregatik lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen, 2.610 euroko ekarpena egiteko.

Urte bukaera bitarte honako jarduera hauek antolatu dira:

  • Erakusketak. Erakusketa ibiltaria badiaren 4 barrutietan. Lehenengo astean Donibaneko kiroldegian jarriko da. Bigarren astea Antxoko Azokan jarriko da. Hirugarren astean Trintxerpeko Alkateordetzan. Eta azken astean San Pedroko liburutegian.
  • Erakusketa-partidua. Besteak beste, azpimarratu beharra dago Antxoko Ibaiondo frontoian erakusketa-partidu bat jokatuko dela urriaren 7an 20:00etan. Doakoa izango da eta garai batean hainbeste arrakasta izan zuen raketisten ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu. Aukera aparta. 
  • Aitorpena eta dokumentalaren proiekzioa. Jarduera-egitarauarekin bukatzeko, elkartea prestatzen ari den dokumentala proiektatuko da abenduan, eta bizirik dauden bi raketistei omenaldia egingo zaie.