Eduki publikatzailea

Oarsoaldeko Kirol Mahaiaren mezua: Harmailetan ere, jarrera ona

Konpromisoa eta ardurak hartzea, talde lana bultzatzea, saiatzea, ongi pasatzea, adiskidetasuna sustatzea… Kirolak balio positibo asko transmititzen dizkie haur, gazte zein helduei. Batzuetan, baina, bestelako eragin ezkorrek jarrera desegokiz zipriztintzen dute kirola. 

Oarsoaldeko lau udalerrietako —Errenteria-Orereta, Pasaia, Oiartzun eta Lezo— agente tekniko eta politikoak biltzen dituen Oarsoaldeko Kirol Mahaiak horrelako jarrerei aurre egiteko, eta, batez ere, haiei aurre hartzeko minutu pasatxoko bideo sinple bat argitaratu du.

Mezua argia da: jarrera egokia izan behar da harmailetan, denon hobe beharrez. 

Prebentzioa bilatzen duen bideo hori, batez ere, kirol instalazioetako harmailetan egoten diren guraso, gainontzeko senide eta ikusleei zuzenduta dago, oro har. Eskola Kiroleko norgehiagokaren bat edo kirol federatukoren bat ikusten dituzten edonori.

Gurasoak, guraso
Harmaila batzuetan gurasoek jarrera desegokiak izanez gero zein paper jokatu behar duten gogorarazi diete: Gurasoei eskatzen diegu jarrera aldatzeko, eta guraso papera bete dezatela: beren papera, azken finean, familia girokoa da; ikusleak dira, seme-alabak animatu behar dituzte, eta eredu izan behar dute.

Horrela, gurasoak, entrenatzaile edo begiraleekin eta epailearekin batera, erreferente dira. Alde horretatik, prebentzio lan hori egin da kontzientzia hartzeko euren papera oso garrantzitsua dela, eta beste euskarri bat direla. Hori da  kanpainaren helburua.