Eduki publikatzailea

Hasi dira Mendiola bideko lurrak egonkortzeko lanak

Azaroaren 10ean Mendiola bidean, Azkueneko atzealdean, izandako luizien ondoren, jakitera ematen dugu, jada hasi direla lurrak egonkortzeko lanak.

Honako obra hauek egingo dira: lehenik eta behin, luiziaren ondorioz egoera txarrean dagoen bidea kendu, eta ondoren, izapidetzen ari den ikerketa geologikoan gomendatzen diren obrak egin, lurren egoera egonkortzeko.

Luizia gertatu bezain laster Pasaiako Udalak, Zerbitzu Sailaren bitartez, geologo bat kontratatu zuen (Ingek), lurren egoeraren txosten zehatza egin zezan.

Aurreko astean eta aste honen hasieran udal teknikariak eta geologoak hainbatetan bertaratu dira luizia izandako lekura, egoera aztertzeko eta lurrak egonkortzeko zer jarduketa egin behar den erabakitzeko.

Atzo (osteguna) Pasaiako Udalak premiaz kontratatutako Ingek enpresako geologo bat izan zen, eta lekuko batzuk jarri zituen, lurrak gehiago mugi ez daitezen. Halaber, Acuña hondeaketa-enpresak azterketa bat egin zuen, lurra kentzeko jarraibideak zehaztearren.

Gaur, hilak 22, ostirala, hasi dira lurrak egonkortzeko lanak.

Barkamena eskatzen dizuegu lanek sortutako eragozpenengatik, eta, halaber, aditzera ematen dizuegu, teknikarien iritzian, luiziak ez duela arriskurik eremu horretako etxebizitzentzat. Hala ere, Udala ahal duen guztia egiten ari da, lurrak lehenbailehen egonkortzeko.