Eduki publikatzailea

Lankidetza-hitzarmena aldundiarekin, Arrokaundieta aterpetxea berriztatzeko

Pasaiako Udalak, Gazteria Sailetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Sailetik, lankidetza-hitzarmena sinatu dute, bi erakundeek garatzen dituzten gazteria-politiken baitan, jolas- eta hezkuntza-jarduerak sustatzeko, besteak beste, haurrei eta gazteei zuzendutako ekipamenduak eskainiz.

Jarduera-ildo horren barruan, besteak beste, aurreikusi da Jaizkibelgo paraje ederrean dagoen Arrokaundieta gazte-aterpea eraberritzea.     

Hitzarmen horren bitartez, Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Zerbitzuak Pasaiako Udalari 150.000 euroko diru-laguntza izenduna eman dio Arrokaundieta aterpetxerako.

Finantziazio honen bidez, aterpetxea berriztatzeko eta segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obrak egin ahal izango dira, hala nola: komunak eta dutxak berritu; horien irisgarritasuna ziurtatu; eta haur eta gazte taldeen alojamendu eta egonaldietarako aterpetxe eta instalakuntza antolaketari buruzko dekretura egokitzeko beharrezko obrak egin.

Era berean, eraikinaren energia-kontsumoa murrizteko neurriak ezarriko dira, hala nola: galdara berria; argiztapenean led sistema jarri, energia gehiago aurrezteko; eta panel termikoak jarri, gas-kontsumoa murrizteko.

Halaber, nabarmentzeko moduko beste jarduketa bat ere egingo da: eskailera-igogailua jarriko da, mugikortasun arazoak dauzkaten haurrak eta gazteak goiko solairura arazorik gabe igo daitezen, logelak goian baitaude. Gailu horrek mugikortasun txikikoen gizarteratzea erraztuko du.

Gainera, suteen aurkako araudi berrira egokitzearren, su-detektagailu berriak eta suaren kontrako ateak jarriko dira solairuen artean.

Halaber, aterpetxearen inguruan zenbait jarduketa egingo da, besteak beste: konpost-ontziak jarriko dira, aterpetxeak sortzen duen jarduera osorako, eta aisia-eremuan parrillak hobetuko dira.

Obrak udaleko Zerbitzu Sailaren bitartez egingo dira; aterpetxeak jarduera gutxien duen urte sasoian hasiko dira, hau da, irailean; eta aldi berean egikarituko dira barruko eta kanpoko obrak. Beraz, uda sasoia errespetatu egingo da, orduan erabiltzen baita aterpetxea gehien, Arrokaundieta aterpetxea kudeatzen duen Urtxintxa enpresak antolatzen dituen udalekuak direla-eta.

Nabarmentzekoa da Arrokaundieta aterpetxeak ikasturtean zehar piraten munduan oinarritutako egitarau-sorta eskaintzen duela, eta Euskal Herri osoko ikastetxeak hartzen dituela. Horri esker, erreferente inportantea da Pasaia eta Pasaiako natur eta kultur ondarea gure eskualdetik kanpo ezagutarazteko.  

 

HITZARMENA

PDF 0,4 Mb