Eduki publikatzailea

Pasaiako kirol instalazioen gaineko araudiari buruzko aurretiko kontsulta

A) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak:

Pasaiako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak ez du egun erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen araudirik.

Urte hauetan ez da argi izan udalerriko kirol-instalazio guztien erabilera arautzeko araudirik, eta hainbat arazo eta hutsune jaso dira. Araudi berri honen bidez, arazo eta hutsune horiek guztiak konpondu nahi dira. Hala ere, nabarmendu beharra dago, testu berri bat sortu nahi dela, araudi itxurarekin eta errealitate berriei egokitutakoa; baina hori baino garrantzitsuagoa dela testu hori harreman-esparru dinamikoa izatea, horren bidez, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Saila aldian-aldian berritzen joan dadin, eta erabiltzaileekiko harremana etengabea izan dadin, zerbitzuak ahalik eta ongien funtziona dezan.

B) Onarpenaren beharra eta egokitasuna:

Zerbitzuen araudiak udalaren kirol instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu. Kirol instalazio horiek guztiak Pasaiako kirolguneetan daude.

Hori dela-eta, zenbait gai (besteak beste, bazkideen kuotak ordaintzeko modua, ikastaroetan izena emateko araudia eta instalazio guztiak erabiltzeko normatibizazio zehatza) Araudi honetan jaso behar direla pentsatu da, eta arreta publizitaterako, bizkortasunerako eta berdintasunerako oinarrizko eskubideak bermatzean jarri da; era horretan, bikaintasuna eta herritarrenganako hurbiltasuna bilatu nahi dira.

Beraz, araudi aski zabala izan behar du baina aldi berean funtsezkoenean zentratua, halatan non berrikuntzari eta egokitzapenari lagunduko dion, une bakoitzean sortzen zaizkigun beharrei albait azkarren erantzuteko.

C) Arauaren helburuak:

Araudi honen xedea da Udalaren kirol-instalazioak eta instalazio horietan eskaintzen diren kirol-zerbitzuak arautzea, horretarako zerbitzuak emateko moduak ezarrita eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak finkatuta.

Araudi honen ardatzetako bat da araudi bateratu bat sortzea, bai kudeaketa zuzena duten instalazioentzat eta bai zeharkako kudeaketa duten instalazioentzat. Herritarrek udal-instalazio guztietan beren eskubideak bermaturik daudela ikustea da helburua, kudeaketa-modua dena delakoa izanda ere; hau da, kasu bakoitzean interes publikoei gehien doitzen zaiena erabakiko da.

Araudi honen beste ardatzetako bat da kirol-zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak indartzea, herritarrei eskaintzen zaizkien kalitatea eta zerbitzua hobetzearren.

Eta noski, parte hartzeko demokraziaren filosofiarekin bat etortzeko eta elkarren arteko kudeaketaren ideia gure herritarrengan zabaltzeko, erabiltzaileekin etengabe harremanetan egoteko formula biziak eta eskuragarriak jarri dira abian. Horrela, parte hartzezko kultura ezarriko da, eta, ondorioz, erabiltzaile guztiek beren kezkak, kexak, erreklamazioak eta iradokizunak jakinarazi ahal izango dizkigute. 

Gogoan izan behar dugu gure kirol-instalazioak eta -zerbitzuak pasaitar guztion ondare direla.

D) Irtenbide alternatibo posibleak, araudipekoak edo araudiz kanpokoak:

Ez da bestelako alternatibarik aurreikusten, ez araudipekoa eta ez araudiz kanpokoa, zeren Pasaiako kirol instalazioen erabilera araudia da estrategiarik oso eta eraginkorrena erabileraren erregulaziorako. 

Agiri hau interesdunen esku jartzen da Pasaiako Udaleko web orrian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 eta 133.4 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

E) Arduraduna: Pasaiako Udaleko Jarduera Fisiko eta Kiroleko Saila.

EKARPENAK:  kirolak@pasaia.net edo Herritarrei Arreta emateko Zerbitzua. Ekarpenak aurkezteko epea: 2019ko maiatzaren 13a.