Eduki publikatzailea

Kirol gala 2018

2019ko urtarrilaren 17an Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunea Pasaiako bigarren kirol galaren lekuko izan zen. Kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko eragileak elkartu ziren, eta aukera izan zuten ekitaldi honetaz gozatzeko.

Ekitaldi honek jarraitzen du azpimarratzen herritar guztientzako jarduera fisikoa sustatzen duten ekintzen aberastasuna eta horrek duen balioa, eta horrez gain, Pasaiako kluben sare zabalak zuzentzen duen kirol praktika federatu aberatsa eta askotarikoa.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientaziorako Zerbitzua

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientaziorako Zerbitzuaren gaiarekin ekin zion Galak, Udalak abian jarri duen zerbitzu berri honen garrantzia agerian jarri nahian.

Pasaiako Udalak herritar aktiboak eta osasuntsuak lortzea du helburua. Horretarako, 2018ko urtarrilean jarduera fisikoaren eta kirolaren orientaziorako zerbitzua jarri du martxan.

Esplikatu zen zerbitzu honen bitartez lau barrutietako eragileen sare sendo bat jarri nahi zela martxan, pasaitarren artean kirolaren praktika eta jarduera osasungarria zabaltzearren.  Gainera sare bat osatu da ikastetxe, osasun-etxe, kirolgune, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Sail, Gizarte Zerbitzu eta beste kirol eragileekin batean helburu bakar bat lortze aldera: Pasaiak herritar aktiboagoak eta osasungarriagoak izan ditzan. Horretarako profesional bat kontratatu da herritarrak orientatzeko eta aholkatzeko jarduera fisikoaren gainean eta berak egin zien harrera ekitaldira joandako guztiei.

Pasaiako biztanle guztiei zuzenduriko zerbitzu hau hiru arlotan banatu da adin-tartearen arabera:  haurrak eta nerabeak, pertsona helduak eta zahartzaro aktiboa.

Haur eta nerabeei dagokienez, Udalak zerbitzu hau ikastetxe guztietan aurkeztu du eta berariazko harreman bat ari da ezartzen haiekiko. 

Bigarren arloa pertsona helduena da. Orientatzaileak halaber erantzungo die anbulatorioetatik heltzen diren aginduei.

Hirugarren arloa zahartzaro aktiboarena da. Orientatzaileak duela urtebete sortu ziren Tipi-Tapa txangoak erregularizatu ditu; era berean haien segimendu eta koordinazioaz arduratuko da. Halaber, parke bioosasungarrien gaia lantzen ari dira, erreferentzia gisa Ibaiondo pilotaleku ondoan ezarritako parkea hartuz.

Zahar egoitza eta gizarte zerbitzuetan ere aztertu dira orientatzailearen lanak, esaterako, Etxean bizi programan.

Bigarrenik, UDA kanpainarekin loturiko bideo bat proiektatu zen.

Bertaratutako guztiekin partekatzen da UDA kirol kanpaina Oarsoaldeko lau udalen artean antolatzen dela, GFArekin lankidetzan. Guztira, 35 jarduera baino gehiago eskaini dira 3 eta 16 urte bitartekoentzat, eta 2018an 560 parte-hartzaile egon dira. Dudarik gabe, garbi gelditzen da itsasoarekin zerikusia duten jarduerek arrakasta dudaezina dutela.  Kanpainaren antolakuntzan parte hartu duten elkarteen lana nabarmendu nahi izan da, ezinbestekoak izan baitira hura antolatzeko.

Jarraian, aurtengo ikasturteari eskainitako ikus-entzunezko atalean, helburua helduei bizikletan ibiltzen irakastea izan da.

Joan den ekainean doako ikastaroak antolatu ziren helduek bizikletan ibiltzen ikasteko, Trintxerpen bezala Antxon. Ikastaro horien osagarri Cirizan tailer bat antolatu zen bizikletak elektrifikatzen ikasteko.

Bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaro horiek elkarlanean antolatu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak eta Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak, eta Trintxerpe Atletiko Klubak laguntza teknikoa eskaini du.
Askok parte hartu zutela nabarmendu zen: 74 lagun, eta arrakasta ikusita, 2019an berriz egingo da.

Kirolari pasaitarrak

Elkarrizketen eskainitako blokean, Pasaiakoak ez diren klubetan iaz emaitza onak lortu zituzten kirolari pasaitarren lagin txiki bat ikusi zen; eta horietako asko ez dira oso ezagunak udalerrian, oihartzun mediatikorik izan ez dutelako. Lorea Etxabe, Donibaneko judoka; Urko Otegi, Antxoko saskibaloi jokalaria; Unai Martin, eskrima modalitatekoa.

Galaren azken txanpan, 2018an urteurren berezia ospatu duten Pasaiako kirol elkarteei aipamen eta omenaldi berezia egin zitzaien. Hiru elkarteri omenaldi berezia egin zaie: 

2018an urteurrena ospatu duten Pasaia Kayak-i (30 urte) eta Trintxer Mendi Taldeari (25 urte). 

Eta hirugarrena kluba Trintxerpe Atletiko izan da; bere rol ibilbideagatik omenaldia jaso du. Urte askoan klub honek garrantzi handia izan du udalerriaren dinamikan eta izaten jarraitzen du, beti kolaboratzeko prest, eta udalerriko ekitaldietan eta biztanle guztiei zuzendutako jardueretan inplikazio maila handia erakutsi izan du. Gainera, klubari buruzko datu bat nabarmendu zen: 2019an 40 urte beteko ditu.

Emakume kirolariak

Ekitaldiaren azken txanpan emakumeen kirol praktika federatuari emandako bultzada nabarmendu zen. Bai administrazioen babes handia jaso behar du, baina dudarik gabe kirol klubek egindako apustu sendotik sortzen da.  

Pasaian erreferente bikaina daukagu: batelerak eta Koxtape arraun elkartea.

Biak dira etsenplu eta horregatik ezin bada aipatu gabe utzi eta guztioi erreferentzia eta inspirazio gisa balio behar digu.

Omenaldi gisa ere egiten dugu, zeren denboraldi bikaina eginda dena lortu dute, eta erreferentzia bat dira gaitasun fisiko eta teknikoan, eta, batez ere etsenplu handi bat dira neska eta emakumeentzat: kirol arrakastan esperantza izatea ez dago generoari lotua.

Haiekin eta haien omenez zuekin guztiekin bideo hau partekatu nahi dugu. 

Itxiera Pasaiako alkate Izaskun Gomezen mintzaldiak eman zion. Azpimarratu nahi izan zuen kirol klubek egiten duten ahalegina eta berdin kirol federatuarena, Eskola Kirolaren programaren garrantzia eta UDA udako kanpainaren eskaintza zabal eta askotarikoa. Amaitu zuen agerian jarriz Kirol eta Jarduera Fisikoaren Orientaziorako programak duen garrantzia, eta biztanleen osasun eta ongizaterako duen potentziala azpimarratu zuen. 

Ekitaldiaren amaierara joan zirenek aukera izan zuten aretoaren ondoko gelan luntxaz gozatzeko, eta galako protagonistekin solasalditxoak egiteko.