Eduki publikatzailea

Oarsoaldeko jarduera fisikoaren eta kirolaren eskaintzaren esku-orria

Duela zortzi urte lau udalerrietako kirol arduradunek erabaki zuten kirol arloko koordinazio-mahai bat abian jartzea, hamabost urte lehenago eskola kirolaren arloan hasitako elkarlanari segida emateko, elkarlan hori indartzeko, eta elkarrekin lan-ildo berriak lantzeko, eskualdean dauden bitartekoak baliatuz.Esku-orria

Zortzi urte hauetako ibilbidean hainbat gai jorratu ditugu (UDA kanpaina, igerilekuen erabilera komuna, eskualdeko kluben sustapena…) eta horietako bat da agerraldi hau deitzera eraman gaituena: “OARSOALDEKO JARDUERA FISIKOAREN ETA KIROLAREN ESKAINTZA” esku-orriaren aurkezpena.

Oarsoaldeko kirol koordinazio mahaiak eskualdeko eskaintza euskarri bakar batean bateratzeko premia sumatu zuen orain dela urte batzuk. Izan ere, ohartu ginen, behin eskola kirola amaitzean, eskualdeko haur askok ez zekitela non jarraitu beren gustuko modalitatearekin (batez ere modalitate nagusienak ez zirenean) eta ezjakintasun horrek bultzatuta, haur askok kirola egiteari uzten ziotela edota modalitate nagusienetan amaitzen zutela, beste horietan hastea zaila egiten baitzitzaien.

Beraz, premia horretatik abiatuta, esku-orri bat lantzen hasi ginen. Lanketa luzea izan da; hasierako asmoa zen eskualdeko kirol klubekin harremanetan jartzeko bideak jasotzea, baina bileraz bilera ikuspegia zabaltzen joan zen, eta, egindako lanketari esker, gaur egun eskualde mailan jarduera fisikoa eta kirola egiteko askotariko aukera eta eskaintzak biltzen dituen dokumentua osatu ahal izan da, herri guztietako biztanleei eskualde mailan dauden eskaintza eta aukera guztiak ezagutzera emateko.

Esku-orria, etxean edo webean kontsultatzeko tresna bat da. Alde batean eskualdeko kluben informazioa azaltzen da, modalitateka antolatuta; bestean, eskualdeko mapa, eta “txintxeten” bitartez, kirolguneak, orientazio zerbitzuak, klubak eta parke osasungarriak kokatzen dira. Halaber,  eskualdea zeharkatzen duen bidegorria eta oinezkoentzako ibilbide batzuk (Talaia, Donejakue eta San Marko) jasotzen dira. Era berean, herri guztietako kirol sailen, kirolguneen eta kirol orientazio zerbitzuen harremanetarako telefono eta helbideak jasotzen dira.

Halaber, azpimarratu nahi dugu esku-orri hau dokumentu bizia dela, eta urtero eguneratzen, osatzen eta hobetzen joango garela. Erakunde eta zerbitzuetan egiten diren aldaketak jasoko dira, eta baita sor litezkeen proposamen berriak ere. Oraingoz, kirolgune eta zerbitzu pribatuak eta pasealeku gehiago eransteko aukera aztertzen ari gara.

Esku-orria eskuragarri dago lau udalerrietako kirol instalazioetan eta herritarren arreta zerbitzuetan.