Eduki publikatzailea

Kafe-tertulia Gerard de Jong idazlearekin

"Beste Hitzak-Other words" programaren barruan, Donibaneko idazleen Hugoenea etxean izango dugu Gerard de Jong idazle frisiarra, maiatzaren 2tik aurrera bi hilabetez. Sei mila hiztun besterik ez dituen bildt hizkuntza da bere ama-hizkuntza, erabilera oso urrikoa, XVI. mendetik aurrera garatu dena. Herbeheretako nekazariek eta dikeak eraikitzen ziharduten langileek erabiltzen omen zuten, eta eurekin eraman zuten frisiar lurretara abiatu zirenean, itsasoari lurra irabaztea helburu.

Gerard de Jong Pasaian denez, kafe-tertulia izango dugu berarekin, Donibaneko Aiton-amonen Aterpean maiatzaren 11n, 18:00etan. Bildt hizkuntza txikia erabiliz, sorkuntza lanean nola moldatzen den jakiteko aukera izango dugu, izan ere Gerard eskarmentu handikoa da kazetaritza eta literatura arloetan. Ordain gisa, berak ere aukera izango du gure hizkuntzaren ibilbidearen berri izateko. Pasaiako Udaleko liburutegiek "Beste hitzak-Other words" programaren arduradunekin batera antolatutako ekimena izango da. Laguntzaile izango dira Aiton-amonen elkartea eta Liburutegiaren Lagunak.