Eduki publikatzailea

V. jardunaldi kulturalak, C.D. Yolak antolatua

PROGRAMA

Azaroaren 21ean, 18:45etan, Pasaiako alkatea den Izaskun Gomez Andreak hasiera emango die jardunaldiei

Azaroaren 21ean, 19:00etan: Gaixotasuna eta heriotza Gipuzkoan Napoleonen aurkako gerratean. Itun baten harantzago 

  • Txostengilea: Francisco Etxeberria Dk. (Beasain, 1957)
  • Moderatzailea: David del Valle(C.D. Yolako zuzendaritza kidea). 

Auzitegi eta lege-medikuntzan aditua. Auzitegi-biologian eta antropologian aditua. Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendaria. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideak sariduna. Hainbat lan eta artikuluren egile, garrantzi handiko ikerketetan parte hartu du, hala- nola gerra zibileko eta frankismoko hilobietako gorpuzkien azterketan, baita Victor Jara txiletar kantautorearen eta Salvador Allende Txileko presidentearen eta Cervantesen balizko gorpuzkien azterketan ere, eta abar.

Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo egin dituen hobitik ateratze eta hezur-hondakinei buruzko eginiko ikerketek, Gipuzkoako garai honetako hainbat hobitan aurkitutakoak ezagutaraziko dizkigute. Besteak beste, Napoleonen soldadu frantziarrek gure lurraldean eginiko inbasioaren ondorioz sorturiko gerra-lesioak identifikatu dira aurkitutako hondakin horietan.

Azaroaren 27an, 19:00etan: Pasaiako badia: ondarea, problematika eta ideia berriak Pasaiako badiara hurbilduz eta baloratuz

  • Txostengilea: Eneko Sarasua Garcia (MATER Itsasontzi Museo Ekoaktiboko arduraduna)
  • Moderatzailea: Josu Pagadizabal (C.D. Yolako zuzendaritza kidea)

Bere ezaugarriak direla eta balio berezia eman dio gune honek Oarsoaldeari aspalditik; antzinatik askotariko jarduerak bertan garatu direlarik.

Gaur egun ere aukera anitzak eskaintzen dizkigu pasaiako badiak. Dena den, kutsadurak eta itsas-ondakinek arriskuan jartzen dituzte hemengo ekosistemak eta bertan gozatu nahi duten pertsonen ongizatea. Norbanako eta eragile gisa, zein da erronka eta zer egin dezakegu etxetik hasita?

Hitzaldian badiari buruz hitz egingo da hobeto ezagutu, maitatu eta kontserbatzeko. Badiaren eragile eta erabiltzaile garenok, ingurugiroa zaintzeko eta bizitzeko era iraunkorragoa izateko zer egin dezakegun egunerokotasunean landuko dugu.

Abenduaren 4an, 19:00etan: Pedrotxo Etxeberria, Sanjuandar errenazentista bat

  • Txostengileak: Jose Ramon, Peio eta, Jesus Etxeberria (semeak).
  • Moderatzailea: David del Valle (C.D. Yolako zuzendaritza kidea)

Pedro Etxeberria Ansa (“Pedrotxo”) Pasai Donibanen jaio zen 1929an.
Artea eta kultura orokorrean bere bizitzaren parte izanik, eragina izan zuen Pasai Donibaneko bilakaera kultural eta sozialean.
Gaztetandik margolaritzarekin harreman estua izan zuen, hainbat sari irabaziz eta lan mardula utziz.
Musikari dagokionez, zer esanik ez, Konstantzia eta Gipuzkoa banden eta herriko abesbatzaren zuzendari eta hainbat musika lanen egile.
Argazkilari ezaguna, arlo honetan beste batzuekin batera hainbat elementuren sortzaile, arraunean aditua, historialari, idazle, artikulugile, heraldika diseinatzaile,...
Hitzaldian zehar bere bizitza eta jarduna sakonki ezagutzeko eta, bide batez, sanjuandar honen oroimena gal ez dadin aukera izango dugu.

Abenduaren 11n, 19:00etan: URKO, San Juanen hasi zen kantautore donostiarra

  • Txostengileak: Joxean Larrañaga Etxabe (kantautore, musikari) eta Ina Goikoetxea (musikari, gitarrajole)
  • Moderatzaileak: Javier Salaverria eta Josu Goikoetxea (C.D. Yolako zuzendaritza kideak)

Donostian jaioa, Joxean Larrañagak hainbat rock talderekin aritu ondoren bide berria jorratzea erabaki zuen kantautore gisa. Donibanera hurbildu zen ona omen zen gitarrajole baten bila eta horrela ezagutu zuen Ina Goikoetxea. Ondoren hamabi urtetik gora egon ziren elkarrekin.

70. hamarkada gogorra izan zen; emanaldi bakoitza amaitzerakoan polizia zain. Baina borrokatu behar zen eta halaxe egin zen.

1974an SAKONKI izenarekin bere lehenengo L.P.a argitaratu zuen; bertan denok ezagutzen ditugun eta kantautore musikaren historian gelditu diren hainbat kanta daudelarik, Guk euskaraz eta Maite, maite, maitia esaterako. Ordutik aurrera ia hogei diska eta ehunka emanaldi.
Hitzaldian zehar bere bizitza musikalari buruz eta sozialki gogorrak izan ziren une haietako esperientziei buruz hitz egingo dugu. Ondoren, aurtengo jardunaldiei amaiera emanez, lunch xume batez eta Urkok eta Inak eskainitako emanaldi labur batez gozatzeko parada izango dugu.