Eduki publikatzailea

Ikasturte bukaera ludoteketan

Pasaiako udal ludoteketan laster bukatuko da ikasturtea; eta ondo bukatzeko, jarduera ugari eta indartsuak antolatu dituzte. Ikasturtean parte hartu dutenen kopurua handia da: ia 350 haur-bazkide. Aurten, jaiotza-tasak behera egin duen arren, iaz baino 50 haur gehiago izan dira.   

Zaharrenek, hau da, hiru udal ludoteketako 8 urtetik 12ra bitarteko haurrek larunbatean egun osoko irteera egin zuten Landako urtegira (Araba). Han abenturazko jarduerak egin zituzten, besteak beste, kayaka, eta ederki pasa zuten.

Txikienek ere (4-8 urte) egun osoko irteera egin zuten Hernaniko Ekogunera, eta han landareekin eta naturarekin lotutako tailer dibertigarriak egin zituzten.

Ekainaren 21erako agur-festa polita antolatzen ari dira, merienda barne.

Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko ludotekak gizarte- eta hezkuntza-ekipamendua dira, Pasaiako Gazteria Sailaren mende daude, eta Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen ditu, eta oso harrera zabala dute Pasaiako familien artean.

Udal ludotekak funtsezko zerbitzua dira Pasaiako Udalak garatzen duen haur politikan; eta bertan haurren oinarrizko eskubideak bermatzen dira, hala nola: euskara, berdintasuna, inklusioa, aukera berdintasuna, eta jolaserako eskubidea.