Eduki publikatzailea

Antxoko Ibaiondo frontoiko kantinak eremu itxi bat izango du terraza gisa

Edukiontzi bat erosi eta instalatuko ari da, kantinako bezeroek terraza bezala erabiltzeko leku itxi bat izan dezaten

Udalak abian jarri du edukiontzi itxurako egitura bat erosteko prozedura, Ibaiondo frontoiko kantinako bezeroak artatzeko lekua zabaltzearren.

Antxoko frontoia eta kantina abian jarri zirenetik, zerbitzu horien esleipendunek behin eta berriz adierazi dute terrazako bezeroei zerbitzua emateko hutsune bat zegoela, kantinak leku txikia duelako, eta eguraldi txarra egiten duenean ez dagoelako bezeroentzako lekurik.

Egoera hori hobetzeko helburuarekin, Udalak, lizitazio prozesua amaitu ondoren, edukiontzi itxurako egitura bat jarriko du, eta edukiontzi horretan kantinako terraza egokituko da.

Egiturak 20 m2 inguruko azalera izango du, egituraren alde bat ireki egingo da hidraulikoki, eta barruan 6 mahaitxo eta aulkiak izango ditu. Kantinari erantsita jarriko da, frontoiaren ondoan.

Lizitazio horren oinarrizko aurrekontua 32.000 €-koa da, instalazioa, argiztapena eta barruko eta kanpoko xehetasun tekniko guztiak barne.

Egitura hori ez da zoladurari ainguratuta jarriko, baina irisgarritasuna, segurtasuna eta egonkortasuna ziurtatuko dira. Hartara, etorkizunean frontoiaren ondoko eremuan obraren bat egin behar bada, kantina handitzeko, egitura edo edukiontzi hori udalerriko beste edozein lekutan berrerabiltzeko aukera izango litzateke.

Bi enpresa aurkeztu dira lehiaketara, eta haien proposamenak aztertu eta baldintza-agirietan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, eskaintzarik onenari esleituko zaio egitura horren hornikuntza.

Halaber, laster Udalak Ibaiondo frontoiko zerbitzuen eta kantinaren kudeaketaren lizitazioa egingo du.