Eduki publikatzailea

Hitzaldia "Cooperación: verdades, mentiras y vivencias de una ¿utopía?" liburuaren harira eta Bixi-Bixi elkarteak Saharara egindako bidaiaren inguruan

Justizia Sozialaren Nazioarteko Egunaren karietara, datorren otsailaren 20rako Pasaiako liburutegiek hitzaldi interesgarria antolatu dute Donibaneko Ubera liburutegian, 19:00etan.

Batetik, urte luzeetan kooperazio lanetan aritu den José Luis Paulín Seijas mediku oiartzuarrak "Cooperación: verdades, mentiras y vivencias de una ¿utopía?" izeneko liburuan bildu ditu orain arte lankidetzaren bidean egindako hausnarketak eta izandako bizipenak.

José Luisek azaltzen du zergatik agertzen den galdera-ikurren artean utopia hitza liburuaren izenburuan, Eduardo Galeanoren esaldi honetan oinarriturik: "Utopia zeruertzean dago. Bi urrats egiten ditut harantz, eta bi urrats urruntzen da hura, eta zeruertzak hamar urrats harantzago egiten du. Orduan, zertarako balio du utopiak? Horretarakoxe, ibiltzeko balio du".

Luisen hitzetan "aitzakia eta topikoz betetako mundu batean bizi gara ezer alda ez dadin, baina, hori bai, telegida gaitzatela botere ekonomiko eta politikoen urrutiko aginteetatik. Errealitate hau suntsigarria da kooperazioaren alorrean, baina oraindik gogorragoa da nazioarteko kooperazioaren alorrean. Egunero entzuten ditugu era honetako esaldiak: zer egin dezaket nik?, ez naiz fio, nik ez dut errurik, zuk bai duzula meritua, arantzatxo bat daukat gai horrekin" eta horregatik liburu honekin frogatu nahi dut nola gaitasun guztiz normala izanda eta hemengo mugekin, benetan aurrera egin dezakegun han eta hemen".

Liburuaren salmentatik jasotako irabazi guztiak Mundubat Fundaziorako izango dira, Ausserd-en aterpetuak dauden saharar herriko 40.000 errefuxiatu ingururi laguntzeko.

Luisek bukatu ostean, Donibaneko Bixi-Bixi elkarteko kideek beraien esperientzia azalduko dute. Pasa den azaroaren 29tik abenduaren 7ra, Donibaneko 7 kide Saharako Tisla herrian izan ziren ondoko zereginetan: 1500 inguru haur eta helduei bista neurtu eta betaurrekoak jarri (taldekideen artean bi emakume oftalmologo zeuden), Donibanen lortutako 173 bidoi ur eraman eta banatu, Tisla herriko lau auzotarako megafonia eraman eta muntatu, familia batzuei janaria eman eta liburutegian eta desgaituen eskolan dirua utzi.

Guztiontzat interesgarria izango delakoan, Pasaiako liburutegiek gonbidatzen dituzte herritarrak ekimen honetara hurbil daitezen entzutera, galdetzera edo beraien bizipen propioak konpartitzera.