Eduki publikatzailea

Hitzaldia Euskaraldia ekimena Pasaian nola antolatu aztertzeko

Martxoaren 21ean, 18:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzan, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak hitzaldia antolatu du EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea den Pello Jauregi antxotarrarekin, Euskaraldia ekimena Pasaian nola antolatu aztertzeko.

Hausnarketa horretarako Pello Jauregik bikain ezagutzen duen Lasarte-Oriako esperientzia hartuko da abiapuntutzat, bera ibili baitzen beste hainbat lasartearrekin batean, ekimena lantzen eta antolatzen.

Zer da Euskaraldia? Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat izango da: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen duten guztien artean euskaraz hitz egiteko ariketa kolektiboa. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, egunerokoan eragitea da asmoa. Horretarako, “ahobizi” eta “belarriprest” figurak erabiliko dira, orain arte hainbat tokitan egin den moduan.

Euskararen Aholku Batzordeak Euskaraldia egitasmoarekin bat egitea erabaki du, eta berau antolatzeko herritar eta eragileei aukera eman nahi die. Hori dela eta, hitzaldira gerturatu, egitasmoa ezagutu eta antolakuntzan parte hartzeko deia zabaldu nahi du. Anima zaitez eta parte har ezazu erronka eder honetan!