Eduki publikatzailea

Herritarrak sentsibilizatzeko gaikako bereizketa eta birziklapenaren garrantziari buruzko kanpaina

Ingurumen arloko informatzaile talde batek kalean landuko du gaia, otsailaren 12an hasita. 

Izaskun Gómez alkateak adierazi du egungo birziklatze-tasak hobe ditzakegula, eta herritarrak informatuz eta sentsibilizatuz, biltzeko sistema boluntarioen bitartez egingo dugula.

Kanpaina datorren astelehenean Pasaiako kaleetan jarriko da abian. Pasaiako Udalak agertu zuen lehenik ekimen hori egiteko asmoa, eta gerora, Errenteriako eta Lezoko udalak ere bat etorri dira. Oarsoaldeak kudeatzen duen, eta Udalek eta Lanbidek elkarrekin finantzatzen duten Enplegurako Programaren markoan txertatzen da ekimena. 

Izaskun Gomez alkateak azpimarratu duenaren arabera, hondakinen kudeaketa dela-eta, herritarrekin hainbat konpromiso hartu dira, eta neurri honen bitartez, gure udalerriko birziklatze-tasak hobetu nahi dira. Horretarako alkateak uste osoa du hondakinen gaian inposizioa ez dela lagun ona. Bere ustean, kudeaketa zuzena eginez gero, pasaitarrek erantzun egingo dute, orain arte egin duten bezala. 

Lehenengo urratsa, informatzea

Bilketaren emaitzak hobetzeko “edukiontziaren alboan” kanpaina jarriko da abian, herritarrei tokian bertan informazioa helarazteko, eta izan litezkeen zalantzen berri emateko.  Kanpaina Oarsoaldearekin batera egingo da, eta horretarako, eskualdearen garapenerako enpresak informatzaileak eta langabezian dauden pertsonak kontratatuko ditu, era horretara funtzio soziala ere betez.  Proiektuaren helburua herritarren birziklatzeko ohiturak aztertu, eta era positiboan eragitea da.

  • Errefusaren edukiontzira iristen den hondakin kopurua murriztu.
  • Materia organikoaren edukiontziaren erabilera sustatu. 
  • Gainerako edukiontzien erabilera zuzenagoa egin: ontzi arinak, papera eta kartoia, eta beira. 
  • Herritarrei, merkatariei, elkarteei eta gainerako kolektiboei ondo birziklatzearen (ingurumena, udala eta gizartea, oro har) onurei buruzko sentsibilizazio-lana egin eta informazioa helarazi. 
  • Hondakinak birziklatzeko gaiari dagokionez, herritarren, merkatarien, elkarteen eta gainerako kolektiboen zalantzei konponbidea eman.
  • Hainbat eremutako ekintza irregularren behaketa, jarraipena eta zuzenketa.

Horrenbestez, hiri-hondakinek ingurumenean, alderdi ekonomikoan eta gizarte arloan eragiten duten talka gutxitzea da helburua.

Martxan jarri, eta kronograma

Lan-taldea ingurumeneko bi teknikarik eta sei informatzailek osatua da, eta horietatik lau Pasaian arituko dira zuzenean. Proiektua fase hauetan garatuko dute:

1. FASEA

Edukiontzien ondoan herritarrak informatu, sentsibilizatu eta hezi. Fase honetan taldeak edukiontzi aukeratu batzuetan egingo du lan, 7:30etik 12:00etara. Barrutiz barruti txandaka arituko dira.  Kanpaina aurrera eramateko estrategia ugari erabiliko dira: baliabide gisa galdetegi bat erabiltzea aurreikusten da.  Araudiari jarraiki, edukiontziei eta biltzen diren hondakinen tratamenduari buruzko informazioa emango da.  Halaber, tokian bertan edo ondorengo telefono-deien bitartez, herritarren zalantzei erantzuna emango zaie, eta aldi berean, hondakin gaietan haien proposamenak eta ekarpenak jasoko dira. 

2. FASEA

Merkatariak eta dinamizatzaile diren eragileak (elkarteak, kolektiboak, udaleko langileak...) informatu, sentsibilizatu eta hezi.  Horretarako, establezimenduetan bisitak egingo dira eta udalerriko hainbat gunetan prestakuntza saioak emango dira.

Iraupena: martxoa – apirila.

3. FASEA

Lehenengo fasea indartzea, behar den alderdietan eraginda.  Eskuratutako eta ondorioztatutako datuak prozesatzea. Azken fase honetan egingo da proiektuak izandako ondorioaren ebaluazioa.  Modu kualitatibo eta kuantitatiboan egingo da:

  • Ebaluazio kualitatiboa: informazio osoa ez ezik herritarrek emandako erantzunak eta ekarpenak izango dira kontuan, aurrerago beste ekintza batzuk diseinatzeko balio izan dezaketelakoan. 
  • Ebaluazio kuantitatiboa: Apirilean eta maiatzean edukiontzietan jasotako errefusaren eta gainerako hondakinen zenbatekoa neurtuko da, joan den urtean hilabete horietan jasotako kopuruekin alderatzeko.

Iraupena: Maiatza

Hiru fase horiek garatzeak bost hilabeteko iraupena izango du. Gure udalerriko landa-azterketa otsailan hasi eta maiatzaren bukaeran amaituko da.