Eduki publikatzailea

Haur eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko planak badu logoa

Logoa, azaroaren 10an aurkeztu zuten prentsaurrean ikasle talde batek, Izaskun Gomez alkatearekin batera. 

Gaztetxoek azaldu zutenez planaren logoa egiteko prozesu parte-hartzailea apirilean jarri zen abian. Prozesuan hiru ikastetxek parte hartu zuten: Anunciata, Karmengo Ama eta Pasaia Lezo lizeoak. Zehazki, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak aritu ziren zeregin horretan. Guztira, 200 ikasle inguru.

Prozesua aurrera eraman eta erabakiak hartzeko ikastetxe bakoitzeko 8 ikaslez osatutako talde eragilea osatu zen. Talde eragilearen zeregina izan zen prozesuaren arauak eta norabidea zehaztea, beste ikasleei prozesuaren berri ematea eta logoen hautaketa nola egin adostea.

Ikasleek hasieratik argi izan zuten, ez zutela logo irabazle edo galtzailerik nahi. Elkarlana lehenetsi zuten. Horrela, egindako logo guztietatik, hiru hautatu ziren: logo bana ikastetxe bakoitzeko.

Aukeratutako hiru logoak aztertu eta planaren logoak izango zituen ezaugarriak zehaztu zituzten ikasleek. Oso argi izan zuten: 

  • Planaren logoan eskuak egon behar zuten. Eskuak elkartasunaren sinbolo dira eta gainera, eskuetan abestia erreferentea da beraientzat.
  • Kolore biziak nahi zituzten.
  • Eskuen tamaina desberdinak irudikatu zituzten, haurrak eta nerabeak bereizteko.

Beste ikastetxeetako ikasleekin bildu eta elkarrekin planaren logoa egiteko prozesua aurrera eramatea esperientzia aberasgarria izan da guztientzat. Ikasleen aburuz errepikatzeko modukoa. Esperientzia polita, eta egindako lana eta emaitza are politagoak. Zorionak parte-hartzaile guztiei!