Eduki publikatzailea

“Goxatu” zerbitzuaren ikasturte berriaren hasiera

Nerabe eta gazteentzako sexualitate eta generoari buruzko “Goxatu” Udal zerbitzuak ikasturte berriari irailaren erdi aldera ekingo dio. Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik aurrerako nerabeei zuzenduta dago.

Hamabost egunetik behin, arratsalde batean eskaintzen da zerbitzua barrutietako Udal Gazteleku bakoitzean, eta horretarako, poltsikoko egutegia diseinatu dugu, nork bere diru-zorroan eraman dezakeena. Era berean, udalerrian jarriko diren karteletan ere agertuko da. Egutegian koloretan agertzen da zerbitzua zein egunetan eta zein barrutitan eskainiko den. 

“Goxatu” izenarekin ezagutzen den zerbitzuak proiektuaren filosofia definitzen du, izan ere “gozatu” hitza, gozatzea eta disfrutatzea da, eta “goxatu”, leuntzea eta lasaitzea, zerbitzuaren bitartez goxoki hitz egin eta intimitatean landu nahi baitira gaiok.

Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak eta Berdintasun Arloak elkarrekin antolatutako zerbitzuaren helburu nagusia da  pasaitar nerabe eta gazteei ematen zaien sexu arloko informazioa hobetzea. Ekimenaren bidez, prebentzioa landu eta indarkeria matxistari aurre egin nahi zaio, azkenaldian era kezkagarrian ugaltzen ari delako, baita gaztetxoen artean ere.

Familien eta ikastetxeen bidez informazio eta prestakuntza ugari jasotzen duten arren, nerabe eta gazte batzuek ez dute haien adinerako informazio eta prestakuntza egokirik, Interneten bilatzen dute, edo haien lagunen bidez eskuratzen dute, eta ez dute beti aurkitzen, ez erarik egokienean bilatzen ere.        

Batzuetan zalantzak edo arazoak izaten dituzte, edo informazioa edo orientazioa behar izaten dute, eta ez dakite nora joan, haien intimitatea eta pribatutasuna gorde nahi dutelako. Hain zuzen ere, behar horri erantzun nahi zaio zerbitzu honekin.

Horretarako, arretarako anonimotasuna eta konfidentzialtasuna ziurtatuko dira, kontuan izanda, betiere, bertako langileak sexualitatean eta gazterian adituak eta gaituak izango direla.

Zerbitzua bi eratara kudeatzen da: aurrez aurre, konfidentzialtasun osoz, astearte eta asteazkenetan 17:30etik 19:30era, hamabost egunetik behin barruti bakoitzean. Antxon, Udal Gaztelekuan, Axular plaza, 7 behean; Trintxerpe-San Pedron, Udal Gaztelekuan, Gran Sol kalea, 11, behean; Donibanen, era berean, Udal Gazteleku berrian, JJ Otaegiko eraikineko hirugarren solairuan. 

Halaber, nahi izanez gero, edozein kontsulta egin liteke Instagrameko “Lahia-Nahia 3.0” kontuan, edo posta elektronikoko helbide honetan: sexuaholkularitza@pasaia.net.    

Kontsultak banaka, bikoteka edo taldeka egin daitezke, nahi den bezala; eta lehen esan dugun moduan, bertaratzen direnen anonimotasuna gordeko da; era berean, zerbitzua konfidentziala, berehalakoa, eskuragarria eta doakoa izango da.

Zerbitzua euskaraz emango da eta, nahi izanez gero, gazteleraz. Esku hartzeko mailak daude: informazioa, aholkularitza, detekzioa, beste zerbitzu batzuetara bideratzea (osasun zentroetara edo gizarte zerbitzuetara), eta laguntza eskaintzea, beharrezkoa izanez gero.  

Zalantzaren bat izanez gero edo informazioa osatu nahi izanez gero, jo ezazue Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailera eta Berdintasun Arlora.