Eduki publikatzailea

“Goxatu” Sexualitate eta genero informazio eta aholkularitza zerbitzua

Gazteentzako “Goxatu” sexu eta genero-aholkularitza zerbitzua barruti bakoitzean hamabost egunetik behin arratsalde batean izaten da. Urte berriaren hasierarekin batera poltsikoko egutegi bat egin dugu, diru-zorroan eramateko. Kolore ezberdinez agertzen da bertan zerbitzua barruti bakoitzean zein egunetan den.  Egutegia Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik aurrerako nerabeei zuzenduta dago.  Horiek horrela, udalerriko ikastetxeetan banatzeari ekin zaio, eta datozen egunetan adin bertsukoentzako udal zerbitzuetan eta eskaera egiten duten elkarteetan banatuko da, beste toki batzuen artean. 

“Goxatu” zerbitzuaren logoak proiektuaren filosofia definitzen du, izan ere, “gozatu” hitza, gozatzea eta disfrutatzea da, eta “goxatu”, leuntzea eta lasaitzea, zerbitzu honen bitartez goxoki hitz egin eta intimitatean landu nahi baitira gaiok. 

Pasaiako Udalaren Gazteria Sailak eta Berdintasun Arloak antolatutako zerbitzuaren helburu nagusia pasaitar nerabe eta gazteei sexu arloko informazioa hobetzea da.  Ekimen honen bidez, prebentzioa landu eta indarkeria matxistari ere aurre egin nahi zaio, azkenaldian era kezkagarrian ugaltzen ari delako, baita gaztetxoen artean ere. 

Familien eta ikastetxeen bidez informazio eta prestakuntza ugari jasotzen duten arren, nerabe eta gazte batzuek ez dute haien adinerako informazio eta prestakuntza egokia, Interneten bilatzen dute, eta haien lagunen bidez ere bai, baina batzuetan ez dute aurkitzen, edo ez dute informazio egokia aurkitzen.        

Batzuetan zalantzak edo arazoak izaten dituzte, edo informazioa edo orientazioa behar izaten dute, eta ez dakite nora joan, haien intimitatea eta pribatutasuna gorde nahi dutelako. Hain zuzen ere, behar horri erantzun nahi dio zerbitzu honek.

Horretarako, anonimotasuna eta konfidentzialtasuna ziurtatuko dira zerbitzu honetan. Gainera, bertako langileak sexualitatean eta gazterian adituak izango dira.

Zerbitzua bi eratara kudeatzen da: Aurrez aurre, konfidentzialtasun osoz, astearte eta asteazkenetan 17:30etik 19:30era, hamabost egunetik behin barruti bakoitzean.  Antxon Gizarte Zerbitzuen bulegoan (Gelasio Aranburu 8), eta laster batean Antxoko Udal Gazteleku berrian, obrak amaitu eta irekitzen denean. Trintxerpe-San Pedron Udal Gaztelekuan (Gran Sol 11, behea). Donibanen, halaber, Udal Gaztelekuan (JJ Otaegi Plaza 3, behea). 

Nahi izanez gero, edozein kontsulta egin liteke Instagrameko “Lahia-Nahia” kontuan, edo posta elektronikoko helbide honetan: sexuaholkularitza@pasaia.net.    

Egun hauetan Pasaiako ikastetxeetan “Goxatu” egutegia banatzen ari dira Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik gorako ikasleentzat eta DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Baita Pasaiako Lanbide Heziketako Zentroko ikasle eta Udal Gaztelekuetako gazteentzat ere.  Hurrengo egunetan adin bertsukoen udal zerbitzu guztietan banatuko da, esate baterako, kale-heziketaren programan eta liburutegietan, besteak beste. Halaber, interesa agertzen duten elkarteetan, eta nerabe eta gazteekin diharduten kolektiboetan ere banatuko da.  Egutegia oso ondo hartzen ari dira. 

Kontsultak banaka, bikoteka edo taldeka egin daitezke, nahi den bezala; eta lehen esan dugun moduan, bertaratzen direnen anonimotasuna gordeko da; era berean zerbitzua konfidentziala, berehalakoa, eskuragarria eta doakoa izango da.
 
Zerbitzua euskaraz emango da eta, nahi izanez gero, gazteleraz. Hainbat esku-hartze maila ditu: informazioa, aholkularitza, detekzioa, beste zerbitzu batzuetara bideratzea (osasun zentroetara edo gizarte zerbitzuetara), eta laguntzea, beharrezkoa izanez gero.  

Zerbitzuaren balorazioa oso ona izan da eta bere erabilpena normaltasun osoz areagotzea gustatuko litzaiguke.

Zalantzaren bat izanez gero, edo informazioa osatu nahi izanez gero jo ezazue Pasaiako Udalaren Gazteria Sailera eta Berdintasun Arlora.