Eduki publikatzailea

Hiru Udal Gaztelekuetako txangoak eta irteerak ikasturte bukaera iristen denerako

Udalaren Donibaneko, Antxoko eta Trintxerpe-San Pedroko Gaztelekuetako 2018-19 ikasturtea bukatzear dagoenez, zehazki, datorren uztailaren 13 eta 14ko asteburuan bukatuko da; Gaztelekuetako gazteek, hezitzaileekin batera, hurrengo egunetarako irteerak eta txangoak prestatuko dituzte.

Donibaneko Gaztelekukoek ekainaren 29an eta 30ean asteburuko irteera egingo dute, eta Baztaneko (Nafarroa) abentura parkera joango dira, beste jarduera batzuen artean, penduluan eta tirolinan ibiltzera.

Antxoko Gaztelekuko gazteek ekainaren 28an ateratzea erabaki dute, eta egun osoan Deban izango dira eta bertan paintballean arituko dira.

San Pedro-Trintxerpeko Gaztelekuko gazteak Zurriolako hondartzan surf ikastaroa egitera animatu dira.

Aurtengo ikasturtean gaztelekuetako gazteek parte-hartze handia izan dute. Berez, 170 bazkide pasaitar baino gehiago izan dira udaleko gaztelekuetan aritu direnak. Zerbitzu horiek harrera egokia dute nerabe eta familien artean.  

Hiru gaztelekuetan garatu diren jarduerak askotarikoak izan dira, eta halaber, gazteek euren beharren eta gustuen arabera antolatu dituzte jarduera horiek, hezitzaileekin batera.

Hauxe da, hain zuzen ere, Udalaren Gazteria Saileko udal gaztelekuen helburuetako bat, gizarte eta hezkuntza arloan oinarri-oinarrizkoa izatea, nerabeek euren aisialdiaren kudeaketan modu aktiboan parte hartzea, haien nahiak bideratzea eta helduarorako emantzipazio-prozesuan aurrera egitea.

Gaztelekuak elkartzeko tokiak dira, eta lagunekin eta adineko beste gazte batzuekin gelditzekoak. Beroietan ongi pasatu ez ezik, euskararen erabilera, aniztasuna, berdintasuna eta balioen heziketa bultzatu ohi dira. 

Gaztelekuen zerbitzua Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen du, eta gaztelekuetan aisia hezitzailean prestakuntza eta eskarmentua duten bina hezitzaile ari dira lanean.

Hasiera-hasieratik, nola Trintxerpe-San Pedroko gaztelekuak hala Donibaneko gaztelekuak, biek izan dute barruti horietako gazteen artean harrera ona. Ikasturte honetan Pasaiako gaztelekuen sarea osatzeko aukera izan da, Antxoko Gaztelekua ireki baita. Esan beharrik ez dago barrutian harrera ona izan duela.