Eduki publikatzailea

Pasaiako haur eta gazteek parte hartzeko jardunaldiak izan dituzte

Maiatzaren 9an eta 16an Pasaiako ikastetxeetako hainbat haur, nerabe, udal-teknikari, udal-zerbitzuetako langile eta irakasle bildu ziren Zerbitzuen guneko pabiloian, zerbitzu horretako langileak eta eguneroko lanak ezagutzeko.

Guztira, 123 haur eta nerabek ezagutu dute sail horrek egunerokoan zer lan egiten dituen: kale-garbiketak, zaborraren kudeaketa, konponketak, argiteria, lorezaintza, etab. Langileek adingabeei lan-praktika batzuk aurkeztu zizkieten eta gazteek lan batzuk egiteko aukera izan zuten. Zein ongi ibili ziren!

Ondoren, Juanba Berasategi Auditoriumera hurbildu, eta adingabeek euren proposamenen inguruko erantzunak eta argibideak entzun zituzten hainbat udal teknikariren eskutik. Lehen eztabaida wifi-guneena izan zen, udal informatikariarekin solasean aritu ondoren, wifiaren antenak hobetuko zirela jakinarazi zitzaien, besteak beste. Bigarrena, parkeen eta puntu ilunen txanda izan zen: zein parke eta argiteria konponduko diren eta jolas-parke berriak zein espaziotan eraikiko diren adierazi zitzaien. Azkenik, iturriak konpondu eta berriak jartzearen gaia azaldu eta jorratu zen. Azken bi horiek Zerbitzuen saileko buruarekin eta Eskubidean planaren koordinatzailearekin landu zituzten.

Bestalde, ikasturte berrirako kirol, tailer eta filmen eskaintza nolakoa izan daitekeen ere landu genuen. Gehienbat, proposamen horiek jasotzeko bideak zehaztu eta eskaintza hori nolakoa izan daitekeen adosten saiatu ginen.