Eduki publikatzailea

Haur, nerabe eta gazteentzako ikastaro eta tailerrak

Aurten, beste batzuen artean, argazkigintza digitala, patchwork-a, eskulanak eta komikiak izango dira. 

Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak ikastaro eta tailer eskaintza berria egingo du gazte nahiz haur eta nerabeentzat. Urriaren 7an hasiko dira eta izena emateko epea irailaren 16tik urriaren 4ra bitartekoa izango da.   

6 eta 11 urte bitarteko haurrentzako ikastaroak:  

  • “Patchwork ikastaroa”, itxura eta kolore ugaritako oihalak elkarrekin lotuz, haurrentzako liburu zoragarriak egiteaz gain, besteak beste, estutxeak, poltsak eta apaingarriak egingo dituzte. 
  •  “Marrazkia eta pintura”: Eskaria handia denez, joan den urtean bezala, ikastaroa adin tarteka banatuko da, eta kasu honetan 6tik 11 urtera bitartekoa izango da. 
  •  “Eskulanak”, hainbat gauza egiten ikasteko ikastaroa, hala nola, feltrozko paparrekoak, ispilu zatiekin egindako kutxak eta koadroak, kamiseta eta zapatilen diseinua, goma-evaz egindako figurak, koloretako hondarrez egindako koadro eta botilak, eztainu bozeltzea…

12 eta 16 urte bitarteko haurrentzako ikastaroak:

  • “Manga komikiak eta ilustrazioa”, gazteek marrazkiak egiten, testu eta gaiak ilustratzen edota japoniar estiloko manga komikia egiten ikasiko dute, testu eta guzti edo testurik gabe. 
  • “Argazkigintza digitaleko ikastaroa”: Iraupen motzeko ikastaroa astelehenetan, Gabonetara bitartean. Mugikorra ezagutzeko eta ahalik eta errendimendurik onena ateratzeko, eta/edo reflex kameraren aplikazioak ikasteko, edo ordenagailuan deskargatzen diren argazkiak lantzeko, edo erretratu, teknika, paisaia, argazki makro eta time-lapses-ak egiteko, besteak beste.  
  • “Marrazkia eta pintura”. 

16 urtetik gorako gazteentzako ikastaroa:

  • “Marrazkia eta pintura”: Gazteentzako ikastaroa da, eta hiru modulu izango ditu: bata, marrazkiaren sarrera; bestea, kolorearen sarrera; eta hirugarrena, garapen plastikoarena. Hala ere, arlo honetan hasita daudenak, taldean sar litezke, tailerraren moduko jarduera bat izango baita, eta askatasunez jardungo baita, parte-hartzaile bakoitzak bere estiloa garatzeko aukera izan dezan. 

Ikastaroen iraupena bederatzi hilabetekoa izango da, alegia, ikasturte osokoa, “Argazkigintza digitalaren” ikastaroa izan ezik, bi hilabete eta erdiko iraupena izango du eta kostua 22,75€-koa izango da. Ikastaroak astegunetan emango dira. Plaza kopurua mugatua da eta urte osoko matrikularen prezioa 54,57€-koa da haur eta nerabeentzat, eta 67,75€-koa gazteentzat.                

Izena emateko epea urriaren 4ra artekoa izango da. Izena emateko interesa duzuenok edota informazioa eskatu nahi duzuenok barrutietako HAZeko bulegoetara joko duzue, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara; Donibanen (Udaletxea, Donibane kalea, 19); Trintxerpen (Euskadi Etorbidea z/g, Alkateordetza) eta Antxon (Hamarretxeta kalea, 24); edo telefono bidez (943 344034). 

 

Informazio orria

PDF (0,7 Mb)