Eduki publikatzailea

Gabonetako haur jaia barruti guztietan

Pasaiako Udaleko Gazteria Departamentuak 26 urtez jarraian Gabonetako Haur Jaia antolatu du Pasaiako barruti guztietan,  abenduaren 26an, asteazkena, 27an, osteguna, eta 28an, ostirala.

Pasaiako aisialdi talde eta ludoteka guztiekin batera oso programazio polita eta erakargarria prestatu dute: Trintxerpen Ekaitza eta Boveda Aisialdi Taldeek, San Pedron, Donibanen eta Antxon ludotekek hartu dute parte. 

Asteazkenean, hilak 26, jolasak, tailerrak eta Gabonetako apaingarriak egingo dituzte barruti guztietan. Horrez gain, Donibanen Trokolo taldeak  “In concert” ikuskizuna eskainiko du, 18:00etan Juanba Berasategi Auditorioan. Bakarrik 4 urtetik gorako haurrak sartu ahalko dira, familiarik gabe, dagoen aforoa kontuan hartuz, lehentasuna eman baitzaie haurrei. Era berean, Gabonetako Haur Jaian parte hartuko duten haurrak lehenago sartuko dira. Lekua geratuko balitz, orduan familiak sartuko lirateke.
 
Antxoko Kultur Etxean 18:00etan Kidam magoak “Aroa eta miraraia” ikuskizun berria eskainiko digu. San Pedron  Eriz mago dibertigarria izango da “Emozioen magia” ikuskizunarekin. Trintxerpen, Karmengo Ama Eskolako gimnasioan 17:45ean Marsel magoa izango da “Magia potagia” ikuskizunarekin.  

Ostegunean, hilak 27, barruti guztietan jolasak eta tailerrak izango dira arratsaldean. Halaber, barruti guztietan  txokolate-hartzea izango da.

Ostiralean, hilak 28, azken egunean, jolas eta tailerrez gain, barruti guztietan izango dira saioak arratsaldeko 6etan, Trintxerpen izan ezik, han 17:45ean hasiko baitira puzgarriak jaialdiari bukaera emateko. 

Antxon puri-purian dagoen “Demode quartet” musika talde zoragarriak jaiari bukaera emango dio  “Epa txiki” ikuskizunarekin: umorea, dantza eta abesti euskaldunen bertsioak rock, pop, blues eta Bolliwood estiloetan.   

San Pedron “Tomasen abenturak” pailazo ezagunek “Espien eguna” ikuskizun berria estreinatuko dute, eta bahitutako Koro andereñoa aurkitzeko izugarrizko abentura biziko dute.
   
Azkenik Donibanen Tor eta Txoborro magoek “Aztikeriak” ikuskizunarekin bukatuko dute festa Juanba Berasategi Auditorioan, unibertso magiko bat sortzeko magia eta antzerkia uztartuz.

Jarduerak arratsaldeko 4etatik 7etara izango dira areto hauetan: Antxoko Kultur Etxean eta Ludotekan, Trintxerpeko Karmengo Ama Eskolan, Donibaneko Udal Ludotekan eta Juanba Berasategi auditorioan, eta San Pedroko Udal Aretoan. Bai jarduerak eta bai ikuskizunak doakoak izango dira, Pasaiako 4 urtetik aurrerako haur guztiek gozatzeko aukera izan dezaten.

Haurrak behar bezala artatu ahal izateko egoitza guztietan aforoa zabala baina mugatua izango da.  

Aisialdi taldeei eta udal ludotekei dagokienez, azpimarratzekoa da egiten duten lan handia. Guztiak dabiltza haur eta gazte animazioan, eta Gazteria Departamentuarekin batera gogor lan egiten dute Gabonetako Haur Jaia arrakastatsua izan dadin, bai programazioari dagokionez, eta baita parte-hartzeari dagokionez ere.

“Tomaxen abenturak” pailazoek “10 urte!” ikuskizuna eskainiko dute beraiek sortutako tokian bertan, haien omenezko ikuskizuna, 10 urte bete baitituzte.