Eduki publikatzailea

Euskarazko errotuluak eskuragarri finka administratzaileetan

Urte mordoxka dira, 22 zehazki, Oarsoaldea eskualdeko lau udalak, Euskara Batzordearen bidez, euskararen presentzia handitzeko elkarlanean ari direla.

Aurten ere lanketa berezia egingo da sektore jakin bat hautatuz, zerbitzu bulegoekin zehazki; hau da, aholkularitzekin, aseguru bulegoekin, finka administratzaileekin eta higiezinen bulegoekin  ari dira lanean eta, ekimenen artean, ezkaratzetan jarri ohi diren oharrekin egindako euskarazko errotulazioa kaleratu dute.

  • Ez sartu, jabetza pribatua
  • Hemen utzi publizitatea
  • Komunitate honek ez du publizitaterik onartzen
  • Itxi atea, mesedez
  • Ez erre

Ekimenean parte hartzen ari diren finka administratzaile bulegoak beren bezeroei euskarazko oharrak banatzen ari zaizkie uztailaz geroztik.

Herri bakoitzeko udal euskara zerbitzuan edo herritarren arretarako bulegoetan ere eskuragarri ditu errotuluak behar dituen edonork.

Jexux Leonetek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak, dei egiten die zerbitzu bulego guztiei euskarari zor zaion lekua eman diezaieten beren establezimenduetan. Horretarako udalek eskaintzen dituzten doako zerbitzuak baliatu ditzaketela gogorarazi du.