Eduki publikatzailea

Euskararekin deskontuak Oarsoaldeko zerbitzu-bulegoetan

“Paper-kontuak, euskaraz nahiago!” programan parte hartzen ari diren establezimenduetan deskontu baleak zozkatuko dituzte

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak koordinatuta, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalak eskualdeko zerbitzu bulegoetan zerbitzua euskaraz ere eman dadin lanean ari dira aurten. Zerbitzu bulegotzat hartu dituzte gestoriak, aholkularitzak, aseguru etxeak, finka administratzaileak eta inmobiliariak.

Urtean zehar egin duten lanketari amaiera emateko, deskontu baleak zozkatuko dituzte azaro amaieran.

2019an zehar zerbitzuren bat euskaraz baliatu duten bezeroen artean 20€ko 5 deskontu-bale zozkatuko dituzte parte hartu duen bulego-establezimendu bakoitzean, establezimendu bakoitzeko 5 deskontu alegia.

Paper kontuak ere euskaraz egiten hasteko ohitura sortzen lagundu nahi izan dute aurtengo ekintza guztiek; euskarazko ereduak erraztu dizkiete zerbitzu bulegoei, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina ere egin da eta finka administratzaileei ezkaratzetan jartzeko errotuluak banatu zaizkie bizilagunen elkarteei helarazteko. 

Egin dezagun guztiok ahalegintxo bat zerbitzu hauetan ere euskarari sarbidea egiteko!