Eduki publikatzailea

Euskaraldia: Euskaraz ez dakiten herritarrentzako saioak

Euskaraldia ekimenaren harira, Pasaian euskaraz ez dakiten herritarrei ekimena aurkezteko eta haien jarrera aktiboa sustatzeko saioak antolatu ditu Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak urriaren 31n 18:00etan Trintxerpeko alkateordetzan, eta azaroaren 7an 19:00etan Antxoko Kultur etxean.

Hizkuntza bat ikasi eta erabili ahal izateak urte askotako lana eska dezake. Baina hizkuntzarekiko ikuspegia, ideiak eta jarrerak epe laburragoan landu eta garatu daitezke. Izan ere, asko dira euskaraz hitz egiteko gaitasuna izan gabe euskararen alde egin duten eta egiten duten herritarrak; batzuek intuizioz, beste batzuek seme-alabengan pentsatzen, beste batzuek inertziaz eta beste batzuek konbentzimendu osoz.

Euskaraldia euskara ulertzeko eta hitz egiteko gaitasuna duten herritarrei bideratua badago ere, garrantzitsua da egin nahi den esperimentu sozial erraldoi honetan euskara ez dakitenek ekimena ulertzea, eta ekimenaren filosofiarekin bat egitea eta norabide berean jartzea.

Euskararen normalizazioaren ardura guztiona da, eta horregatik beharrezkoa da ahalik eta herritar gehienek ulertzea zein erronka dituen euskarak eta norberak zein rol joka dezakeen.

Euskarak babes eta laguntza gehiago behar ditu hiztun gehiago duten hizkuntzen ezarpen-maila eta prestigioa eskuratzeko, bereziki gaztelania hegemonikoa den testuinguruetan; euskara egoera ahulagoan dagoenez, ekintza positiboak ezarri beharko dira euskararen alde.

Saioetan partaideen hizkuntza ibilbidea izango da abiapuntua, eta parte-hartzaileen beharren eta interesen arabera moldatuko dira.