Eduki publikatzailea

Pasaiako entitateetan abian da Euskaraldia

13 entitatek ariguneak sortzeko lehen urratsa eman dute

Urtarrilaren 28an Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, barrutietako batzordeekin batera, agerraldia antolatu zuen “Blas de Lezo Itsas-Arrantza BHI” ikastetxean; Euskaraldiaren bigarren edizioak izango dituen berrikuntzak entitateei azaldu, eta Pasaian lehen urratsa eman duten entitateak aurkezteko.

Arratsaldeko 18:00ak dira eta ikastetxeko jangela ikuskizunerako areto bihurtuta dago. Herriko zenbait entitateren ordezkariz beteta dago lekua. Aulkiak gainezka, eta beste hainbat lekurik gabe, zutik. Sofa zuri bat, hiru katilu dituen aurkezleen mahaia eta Pasaiako badiaren irudia dugu fokoz argiztatutako eszenatokian. Inguruan lau panel, “ariguneak” leloarekin. Ondoren argituko digute zertarako diren. Arrate eta Lierni Hernandezek gidatuko duten saioa hastear dago.

Zuzeneko arazotxo teknikoak gaindituta, abiatu da ikuskizuna. “Blas de Lezo Itsas-Arrantza BHI” ikastetxeko zuzendari den Mikel Arrietak hurbildutakoei ongi-etorria eman die. Jarraian, musikarekin batera dantzan sartu dira Arrate eta Lierni aurkezleak. Ariguneez hitz egingo dutela-eta, azalpenak argiago emateko Euskaraldiaren ideologo den Pello Jauregiri hurbiltzeko eskatu diote, sofan eserita elkarrizketatzeko. Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak direla azaldu du Pellok, eta “norbanako ariketaz gain talde erabakiak bilatu” nahi direla datorren Euskaraldian. Ahobizi eta Belarriprest figurek garrantzia edukiko dute, baina, taldean bizi garenez, ariguneak sortzea izango da berrikuntza. Entitate bakoitzak arigune bat ala gehiago izan ditzake. Arigune izateko gutxieneko baldintza hau da: talde natural horietako kide guztiek euskara ulertzea, eta taldeko partaideen artean gehiengoak (%80) Euskaraldiaren ariketan parte hartzeko borondatea edukitzea.

Hizkuntza-ohiturak aldatzeko asmoa duten entitateen unea iritsi da gero. Pasaian ariguneak osatzeko lehen urratsa eman duten entitateen bideoa aurkeztu da, lehenengo. Ikusmina sortu da bideoan nor agertuko, eta irri egiteko aukera ere bai. Behin bideoa bukatuta, ikusleengana gerturatu dira Arrate eta Lierni, eta pantailan agertu diren ordezkari batzuek hitza hartu dute. Euskaraldiak “euskararen erabileraz jabetzeko” balio duela esan du Xantixa elkarteko Manu Etxarrik eta “gazteok erreferente izateko beharraz kontzientzia hartzeko”. Santamaria arrandegiko Maitena Yarzabalek “dendek jendearekin duten harremana” aipatu du eta hori “euskaraz izateak duen garrantzia” azpimarratu. Udal Kiroldegietako arduradunak, Jon Presak, taldeek kirolean duten pisua hizkuntza-ohituretara ere eraman daitekeela aipatu du, talde izaera euskaraz eraikiz. Azti enpresako Miren Altunak euskarak “enpresari balio erantsia” ematen diola esan du eta erantzukizun sozialari heldu behar zaiola. Eta azkenik, Albaolako Xabier Agotek euskarak itsasoarekin izan duen loturaz hitz egin du eta, gure kultura eta euskara elkarrekin doazela zehaztu du.

Lehen urratsa eman duten entitateetako ordezkari guztiek euren entitateen izenak jarri dituzte Pasai Antxo, Pasai Donibane, Pasai San Pedro eta Trintxerpeko ariguneak irudikatzen dituzten lau paneletan, eta talde argazkia atera dute. Panel horiek dagozkien barrutietan egongo dira ikusgai hemendik aurrera, eta Euskaraldiarekin bat eginez ariguneak sortzen dituzten entitateen izenak gehituz joango dira, atxikimendua nola hazten den irudikatzeko.

Bukatzeko, Loreto Osa euskara zinegotziak Euskaraldian parte hartzera gonbidatu ditu entitate eta herritarrak.

Pasaian Euskaraldiarekin bat egin eta ariguneak osatzeko lehen pausoa eman duten entitateak:

  • Xantixa Gazte elkartea (Pasai Donibane)
  • Itsas-Mendi elkartea (Pasai Donibane)
  • Ubera Liburutegiaren Lagunak (Pasai Donibane)
  • BPXport - Udal Kiroldegiak (Pasaia)
  • Santamaria arrandegia (Trintxerpe)
  • Azti enpresa (Trintxerpe)
  • Trintxerpeko Korkoiburuak (Trintxerpe)
  • Blas de Lezo Itsas-Arrantza BHI eskola (Pasaia)
  • Albaola Itsas Kultur Faktoria (Pasai San Pedro)
  • Askalitz Gazte Taldea (Pasai San Pedro)
  • Donimag argazki denda (Pasai Antxo)
  • Antxoko Topagunea (Pasai Antxo)
  • Antxo Areto Futbola taldea (Pasai Antxo)