Eduki publikatzailea

Aldez aurreko kontsulta publikoa Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren zerga ordenantza berria egiteko

ARDURADUNA: PASAIAKO UDALEKO GIZARTE ZERBITZUAK
PARTE-HARTZEKO: idazkaritza@pasaia.net edo Pasaiako Udaleko Erregistro Orokorrean. Ekarpenak aurkezteko epea: 2018ko abuztuaren 2rarte.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluak ezartzen duenez, lege baten edo erregelamendu baten proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren web atariaren bitartez, eta jasoko da zer iritzi duten arau berriaren eraginpean gerta litezkeen subjektu eta ordezkaritza handiena duten erakundeek honako hauei buruz: 

A) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak. 
B) Arau horren onespenaren premia eta egokitasuna. 
C) Araudiaren helburuak. 
D) Araudi bidezko eta Araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen: 

Dokumentu honen helburua da indarrean dagoen Administrazio Prozedura Erkidearen 133.1 artikuluak aipatzen dituen gaiei konponbidea ematea, eta era berean, aldez aurreko kontsulta publikorako oinarri izatea, Pasaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren zerga ordenantza berria prestatu aurretik, etorkizuneko arauaren eraginpean gerta litezkeen subjektuek eta herritarrek, oro har, parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. 

A) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak. 

Gipuzkoako Tokiko Ogasunei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren 7. artikuluan xedatzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Udalerriei dagozkiela, Foru Arau honek ezartzen duen esparruan, bere zergen kudeaketa, ikuskaritza eta bilketa, zeinak egingo diren, foru arau udal zergen erregulatzaileetan eta horien garapenerako emandako bestelako xedapenetan ezartzen diren espezialitateei kalterik egin gabe, Foru Zerga Arau Orokorrean eta horren garapenerako emandako xedapenetan aurreikusitakoaren arabera. 

Toki-erakundeek, euren zerga-ordenantzen bitartez, aurreko atalean aipatutako araudia euren barne-antolaketa eta funzionamendu araudira egokitu dezakete, betiere araudi horren eduki materiala aldatu gabe.

Pasaiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmen bat onartzekotan da 2018ko uztailean. Hitzarmen horren xedea da Pasaiako Udalerrian mendeko kalifikazioa dutenei eta arreta jaso behar duten beste kolektibo batzuei ematen zaien Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren foru finantzaketarako baldintzak definitzea. 

Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren araudi berria egiteko proposamena egin da, eta horrekin lotuta dago Zerga ordenantza. Zerga ordenantza beharrezkoa da sarrerak arautzeko eta zerbitzuaren finantzaketaren zati bat, onuradunei dagokiena, finkatzeko.

B) Onespenaren premia eta egokitasuna. 

Edozein tasa edo prezio publiko aplikatzeko derrigorrez ordenantza onartu behar da, arautegiak halaxe eskatzen duelako.

Araudiaren xedea da eguneko arreta zerbitzuaren sarrerak arautzea. Zerga ordenantzek gutxienez eduki hauek izango dituzte: 

A/ Honako hauek zehaztea: zerga-egitatea, subjektu pasiboa, arduradunak, salbuespenak, murriztapenak eta hobariak, zerga-oinarria eta likidazio-oinarria, karga-tasa edo zerga-kuota, zergaldia eta zergaren sortzapena. 
B/ Deklarazio eta diru-sarreren araubideak. 
C/ Onartze-data eta aplikatzen hasteko data. Zerga ordenantza hauek onartzeko akordioak dagozkien zergak ezartzearekin batera hartuko dira. Aipatutako Ordenantzak aldatzeko akordioek horien eraginpean dauden arauen erredakzio berria eta onartze-data eta aplikatzen hasteko data jaso beharko dituzte.

C) Araudiaren helburuak. 

Araudiaren xedea da Pasaiako udalerriko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren araudia aldatzeko prozedura martxan dagoen honetan, hari lotutako Zerga ordenantza aldatzea. 

Zerga ordenantzak onartzeko eta aldatzeko eskumena Udalek zerga arloko arauak ezartzeko duten ahalmenaren agerpena da. 

Arauak ezartzeko ahalmen hori gauzatzean printzipio hauen arabera jardun behar du udalak: 

  • a) Beharra eta eraginkortasuna. 2018ko ekitaldirako Zerga ordenantzen ekimena interes orokorrak justifikatzen du; aurreko atalean adierazten dira horrekin lortu nahi diren helburuak, eta bera da tresnarik egokiena horiek lortzen direla bermatzeko. 
  • b) Proportzionaltasuna. Ekimenak ezinbesteko erregulazioa dauka zerbitzu publikoen kudeaketa egiteko beharrei erantzuteko. 
  • c) Segurtasun juridikoa. Ekimena gainerako ordenamendu juridikoarekin modu koherentean gauzatzen da; esparru arauemaile egonkorra, aurrez aise ikusteko modukoa, osoa, argia eta segurtasunekoa sortzen du, eta horrek ekimenaren ezagutza eta ulermena errazten ditu. 
  • d) Gardentasuna. Behar diren baliabideak jartzen dira irispide erraza, unibertsala eta eguneratua izan dadin indarrean den araudia eskuratzeko; eta kontsulta publikoari esker, hartzaile izan daitezkeen pertsonek Zerga ordenantzaren lanketan parte har dezakete. 
  • e) Eraginkortasuna. Ekimen arauemaile orok saihestu egin behar ditu behar ez diren karga administratiboak, eta aplikatzeko garaian, baliabide publikoen kudeaketa arrazionalizatu behar du.

D) Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Ez da bestelako aukerarik aurreikusten, ez araudi bidezkorik eta ez araudiz bestekorik, hainbat udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartarako eratutako lan taldeetan landutako bidea hartu delako. 

Dokumentu hau interesdunen eskura jartzen da Pasaiako web orrian, hala ezartzen baitute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133 artikuluko 1 eta 4 idatz-zatiek.