Eduki publikatzailea

Pasaian haurrek eta nerabeek badute zer esana

Eskubidean programak ahotsa eman die Pasaiako haur eta gazteei, eta bideo honetan ikus daiteke haur eta nerabeek parte-hartze sistemaren bitartez egiten ari diren lana. Herria hobetzeko proposamenak Antxora eraman zituzten, eta ahotsa eta hitza izango dute hemendik aurrera.

Eskubidean programak Pasaiako haur eta nerabeen parte-hartze organoa du bere baitan, eta horren bitartez, kolektibo honen itxarokizunak eta beharrak ase nahi dira. Adingabeak legezko subjektu gisa hartu, erdigunean jarri eta haiek Pasaiako herrirako zer proposamen eta iritzi dituzten aintzat hartu. Haurrak eta gazteak dira, baina haiek argi dute; herrigintzari dagokionez asko dute esateko eta egiteko.

Pasaiako gazteek pozik bezain serio hartu dute Eskubidean proiektuak emandako aukera; elkarlanaren bitartez, herriari eragiten dioten hainbat prozesutan parte hartzearena, alegia. Hainbat hilabetetan klasean gaiak landu ondoren, Antxora eraman zituzten euren asmoak, kale-garbiketa, generoa eta kirola bezalako gaiei dagokienez.