Eduki publikatzailea

Eskola kirola: mugikortasun iraunkorraren aldeko sari banaketa

16-17 denboraldiko Eskola Kirola amaitu da. Laugarren urtez jarraian eskualdeko ikastetxeek mugikortasun plana landu dute, eta kirolari eta senitarteko guztiak gonbidatu dituzte asteburuko partidak egiteko kirol instalazioetara egiten dituzten joan-etorrietan garraiobide jasangarriak erabiltzera.

Jardunaldi guztietan datuak bildu dira, eta ikasle bakoitzari banan-banan galdetu zaio zein   garraiobide erabili duten kirol esparrura joateko. Joan-etorri guzti horietatik %44,64 jasangarriak izan dira (oinez,  bizikletaz, garraio publikoan edo ibilgailu partekatuan). 

Ibilgailu partikularrean egiten diren joan-etorrien kopurua gainerako joan-etorrien batuketa baino   altuagoa da, %55,36. Hori horrela, lanean jarraituko dugu eskualdeko ikastetxeekin batera,   datozen urteotan alor honetan lortzen diren ehunekoak alda daitezen.
 
Hiru ikastetxek (Koldo Mitxelena, Karmengo Ama eta Telleri) joan-etorri jasangarri gehiago egin dituzte ibilgailu partikularrean baino, %54,20, %53,89 eta %50,46, hurrenez hurren.

Horregatik ari zaio gai honi horrenbesteko garrantzia ematen.

Ikasturte amaieran opari batzuk ematen zaizkie joan-etorriak egitean "nota" onenak eskuratu dituzten ikasle zein ikastetxeei:

1.- 2 bizikleta eskola kirolerako joan-etorri gehien dituen ikastetxearentzat.
2.- Bizikleta bat "joan-etorri berde" gehien egin dituen ikastetxearentzat: oinez, bizikletaz, garraio publikoan edo ibilgailu partekatuan eginda.
3.- Bizikleta bat (zozketa) partidetara bizikletaz gutxienez behin joan den ikaslearentzat.
4.- Patinete bat partidetara bizikletaz joan-etorri gehien egin dituen ikaslearentzat.
5.- Bidoi bat partidetara bizikletaz gutxienez behin joan diren ikasle guztientzat.
1.- 2016-2017 ikasturtean portzentaje onena Koldo Mitxelena ikastetxeak izan duenez, bi bizikleta jasoko ditu.
2.- "Joan-etorri berde" gehien (oinez, bizikletaz, garraio publikoan edo ibilgailu partikular partekatua) Koldo Mitxelenak egin ditu, eta bigarren tokian Karmengo Ama gelditu da. Karmengo Amari bizikleta bat emango zaio.
3.- Aingeru Lorenzok (Elizalde ikastetxekoa) zozketa irabazi du eta bizikleta eskuratuko du.
4.- Patinetea Elizalde ikastetxeko Godhavari Flores ikasleari egokitu zaio, 24 jardunaldietatik 13tan bizikletaz joateagatik partidetara.
5.- Partidetara bizikletaz gutxienez behin joan diren Koldo Mitxelena ikastetxeko ikasle guztiei bidoi bana emango zaie.

Ikastetxeak animatu nahi ditugu kontzientziazio lan honetan jarrai dezaten, baita ikasleak ere joan-etorri jasangarri eta osasungarriez gozatzera.
Oarsoaldeko ikastetxe eta udaletxeetatik animatu nahi zaituztegu joan-etorriak egiteko beste garraio batzuk erabil ditzazuen: oinez, bizikletaz, ibilgailua partekatu edo garraio publikoa erabili.   Egin dezagun ahalegina, denon onerako izango da!.

Eskola kiroleko proiektuan apustua egin nahi dugu mugikortasun jasangarriaren alde eta horretarako zure laguntza behar dugu. Mundu osasungarri baten alde!.