Eduki publikatzailea

Oarsoaldeko Eskola Kirola programaren 2018-19 ikasturteko datuen aurkezpena

Oarsoaldeko lau udalok 20 bat urte daramatzagu Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek, eskola kiroleko koordinatzaileen bitartez, gidatzen du lan hau. 

Aurtengo datuak aurkeztu nahi dira:

Ikasleen % 48,73k egiten du eskola kirola aurten. 8 eta 12 urte arteko 1.326 ikaslek egiten dute eskola kirola Oarsoaldean. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.721 dira guztira. Horrek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia, ikasleen ia erdiak egiten baitu eskola kirola eskualdean.

Datu honek eskola orduz kanpo haur eta gaztetxoek egiten dituzten jardueren artean nagusi bihurtzen du Eskola Kirola. Hortik, besteak beste, bere garrantzia.

136 talde guztira (iaz 124): 71 talde Errenterian, 26 Oiartzunen, 26 Pasaian, eta 13 Lezon. 

75 entrenatzaile arduratzen dira 135 talde horien saioak gidatzeaz, 26 emakumezko eta 49 gizonezko.

Nesken parte-hartzea gorantz doa urtez urte, poliki bada ere. Nesken % 32,92k hartzen du parte eskola kirolean. Mutilen artean ehuneko hori % 62,09koa da.

Eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun, urteotan guztiotan egin den lanari esker, entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira gaur egun. 

Eskola kirolaren filosofia nagusia kirol aniztasuna da. 8-12 adin-tartean, kirol bat baino gehiago ezagutu eta lantzeko eskaintza onuragarria da neska-mutikoentzat. Hainbat kirol ezagutu eta gustukoenak hautatzeko aukera izan behar dute haurrek. 

Bestalde, neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen ari gara, neskek ariketa fisikoa egin dezaten sustatuz eta kirol munduan haien lekua aldarrikatuz.
 
Kirol hezitzailea lortzeko bidean sakontzeko asmoa dugu; elkarrekiko errespetua, elkartasuna eta kirol legez jokatzen ikastea ezinbesteko balioak dira, gure ustez, kirolean. Horren harira, dei egiten dizuegu, orain arte bezala, jokaera eredugarria erakusten jarrai dezazuen guztiok, bai kantxetan, bai harmailetan. 

Horri guztiari gehitu behar diogu partidetara joateko auto partikularra alde batera utzi eta bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko egiten ari garen ahalegina.

Beraz, Oarsoaldean garatzen ari garen eskola kirolaren eredua eta egitasmoa oso garrantzitsua dela deritzogu euskararen normalizaziorako eta pertsona gisa hazteko. 

Oarsoaldeko lau herrietan, gainera, eskola kirolaren egitura profesionalizatuta dago, koordinatzaileengandik hasi eta entrenatzaileenganaino. Lan kontratua eta gutxieneko kirol prestakuntza bermatzen zaie entrenatzaileei.

Hori horrela izan dadin ikastetxeek eta udalek egin duten ahalegina nabarmendu eta balioetsi nahi dugu. Eskola kirolaren kalitate ona bermatzen laguntzen du horrek eta aurretik aipatutako guztiak. 

Amaitzeko, aipatu beharra dago aurtengo ikasturtean Pasaiako Eskola Kirolako taldeekin balioen inguruko ituna landu eta abian jarriko dela. Zeharkako dimentsio ezagun horri garrantzia emateko garaia iritsi da eta indarrak horretara bideratuko ditugu, kirolarien, hezitzaileen eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta.