Eduki publikatzailea

Erraketisten dokumentalaren proiekzioa

Otsailak 15, arratsaldeko 19:00etan Donibaneko Kulturguneko Juanba Berasategi aretoan dokumentala eskainiko da eta omenaldia egingo zaie erraketista eta familiei.

Badirudi frontoietan jokatzen zuten emakume haiek munduko lehen kirolari profesionalak izan zirela. Aurrez ere hainbat saiakera izan zen emakumeak pilotaren munduan sartzeko: 1917an Ildefonso Anaitarte enpresaburu donostiarrak emakume batzuk eraman zituen Madrilera eta jokatzen jarri zituen. Zurezko erraketa gogorrekin eta teniseko pilotekin jokatzen hasi ziren arren, berehala hasi ziren larruzko pilotekin. Frontoi txikietan jokatzen zuten abiadura handian, eta inolako babesik gabe. Ikuskizuna ziurtatuta zegoen.

Izan zuten arrakasta ikusirik, frontoiak ugaritu ziren bai Espainian eta bai Ameriketan. Zabalkunde horrek pilotariak eskatzen zituen eta, horren ondorioz sortu zirten erraketa-eskolak.

15 bat urterekin uzten zuten haien etxea, eta pilotari trebe bilakatu ondoren, gehienek familiari bidaltzeko adina diru irabazten zuten. Emakume aitzindari horiek Euskal Herrian gaizki ikusiak ziren oro har, ez zirelako garai hartako emakumeen moldeetara egokitzen; kanpoan, berriz, horietako askok eta askok arrakasta itzela lortu zuten.

Hori dela eta, Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol elkarteak ikerketa-lan bat egin du, pilotari haien historia zabaltzeko, orain arte isilean gorde den historia. Jon Juanes Iragorri, RAKETISTAK LOKKEren izenean, eta Ainhoa Palomo dira ikerketa horren egileak.

Dokumentuetan Pasaiako erraketista batzuk ageri dira, elkarteak dionenez, honako hauek:

Pasai Antxo:

  • Maria Pilar Belza, “Belza”
  • Maria Lusia Senar, “Senar”
  • Maria Dolores Larramendi “Larramendi I”
  • Yolanda Sarasua Lemus, “Yolanda”
  • Lolita Sarasua Lemus “Lolita” 

SAN PEDRO

  • Malen (ez da haren abizenik aurkitu, ezta jokalari gisa zuen izenik ere)

DONIBANE

  • Ramonita Gametxo, “Ramonita”
  • Mari Carmen Sistiaga (ez dakigu ze izenekin jokatu zuen)
  • Natividad Trecet “Trecet”

Pasaiako Udala jakitun da kirol-elkarte bakan honek zer garrantzi duen, eta zer helburu bete nahi dituen; eta horregatik ahaleginak batu dituzte eta urte guztian elkarlanean aritu dira, kirol honen dokumentazioa, ikus-entzunezko hedapena eta zabalkundea sustatzeko.

Barrutiz barruti erakusketa ibiltaria izan da, eta Ibaiondoko erakustaldiaren ondoren, otsailaren 15ean Donibaneko Kulturgunean prestatuta duten dokumentala proiektatuko da. Oraindik bizirik dauden bi erraketista bertaratuko dira: Ramonita Gametxo “Ramonita” eta Maria Dolores Larramendi “Larramendi I”. Horiei eta gainerako erraketisten familiei Udalak omenaldia egingo die. Sarrera doan izango da aretoaren edukiera bete arte.