Eduki publikatzailea

Emakume Master Cup txapelketako final laurdenetako kanporaketak

Martxoaren 1ean Antxoko Ibaiondo pilotalekuan

Pasaiako Udalaren Jarduera Fisikoa eta Kirol Sailak, Berdintasun Arloarekin elkarlanean, antolatu du asteburu honetan Emakume Master Cup ligako saioa. Udalak emakume kirolarien garrantzia azpimarratu nahi du eta aurten apustua egin du liga honetako jardunaldi bat herrian jokatzeko. 

Sarrera doakoa izango da, eta txartelak 10:30etik aurrera banatuko dira pilotalekuan bertan, edukiera bete artean.

Binakako LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketa bere unerik interesgarrienera heldu da eta zerrendaburuei heldu zaie takoak jantzi eta kantxara irteteko garaia. Igande honetan, Pasai Antxoko pilotalekuan pilota goxoko final laurdenetako kanporaketak jokatuko dituzte goizeko 11:00etatik aurrera, eta bertan izango da, besteak beste, egungo txapelduna den Leire Etxaniz. Iaz Leire Garairekin Zumarragan jantzi zuen txapelaren defentsari ekingo dio Etxebarrikoak, aurten Ainhoa Etxebeste lagun duela.

Baina egungo txapeldunarena ez da nabarmentzeko izen bakarra izango, goi mailako pilotariez gozatzeko aukera izango dute-eta pilotalekura gerturatzen diren zaleek. Orain arte jende asko hurbildu da kantxetara eta Pasaian ere ez da aitzakiarik faltako emakumezkoen pilotarik onenarekin gozatzeko.

Izan ere, goi mailako lau partida jokatuko dira. Esaterako, jaialdia irekiko duen lehian Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik Ane Arteaga eta Maider Mendizabalen aurka jokatuko dute, emakumezkoen pilotan erreferente handiak diren pilotariak ariko dira, hortaz, elkarren aurka.
Bigarren partidan aipatutako Ainhoa Etxebeste eta Leire Etxanizek Andrea Aldaregia eta Ane Urkizu izango dituzte parean. Txapeldunaren sasoia neurtzeko partida ona izango da.

Hirugarrenean Eneritz Arrieta eta Amaia Jakak ere ez dute lehen partida errazik izango, Uxue Larreak eta Lierni Gartziarenak sasoian daudela erakutsi baitzuten aurreko astean Berastegin.

Eta zer esan Nagore eta Leire Galeano ahizpen inguruan. Kanporaketaz kanporaketa txapelketako ezustekoak direla erakutsi dute, eta Ainhoa Ruiz de Infantek eta Oihana Orbegozok erne ibili beharko dute Antzuolako pilotari gazteen aurka.

Herritar guztiak gonbidatuta daude ikuskizun honetaz gozatzera.