Eduki publikatzailea

Ekainaren 4 eta 11n, ikasturte bukaera ludoteketan: txangoak eta jarduera jostagarriak

Pasaiako udal ludoteketan laster bukatuko da ikasturtea; eta ondo bukatzeko, jarduera ugari eta indartsuak antolatu dituzte, eta horietan parte hartu dutenen kopurua handia da: 350 haur-bazkide inguru.

Handienak ekainaren 11n, larunbata, egun osoko irteera egingo dute Irisarri Land parkera (Nafarroa). Han parkeak dituen hainbat jarduerez gozatzeko aukera izango dute: abentura, tirolinak, segwaya. Bazkaria eraman behar dute. Irteera 9:15ean izango da eta 20:00ak aldera etorriko dira bueltan.

Txikienek (4-8 urte) ekainaren 4an egun osoko irteera egingo dute: lehenengo Errekaldeko Txiki parkera joango dira, eta gero Lasarte-Oriako parkean bazkaldu eta arratsaldea bertan pasatuko dute. Bazkaria eraman behar dute. 

Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko ludotekak gizarte- eta hezkuntza-ekipamendua dira, Pasaiako Gazteria eta Kirol Sailaren mende daude, eta Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen ditu, eta oso harrera zabala dute Pasaiako familien artean.