Eduki publikatzailea

Ekainak 28 - LGTBI+ pertsonen eskubideen nazoarteko eguna

Urteotan, Euskal Herrian eta inguruko beste herrialde batzuetan ere, LGTBI+ eskubideetan aurrerapausoak eman direla ikusi ahal izan dugu; tartean daude sexu berdina duten pertsonen arteko ezkontzen legeztatzea, adoptatzeko eskubidea, edo Iruñean eta Gasteizen prestatzen ari diren homofobiaren kontrako legeak.

Baina urteotan ere, LGTBI+ kolektiboen eskubide horiek eskuratu diren lurraldeetan, jendarte parekide batean bizi garen uste ustela sortu da, eta ondorioz, asko dira LGTBI+ eskubideak eskuratzearen aldeko borroka alboratzen dutenak, hain zuzen egin beharrekoak eginak daudelakoan. 

Baina gaurko egunean badaude arrazoiak borrokan jarraitzeko, zeren homo-trans-bifobia indartsu baitabil hainbat esparru ideologikotan, bai eta jendartearen parte batean ere. Eta horrekin batera gainerako herritarrek dituzten eskubide berdinak eskuratzeko urratsak oraindik emateko daudelako (ugalketa sistemetarako sarbideak, despatologizazioa, hezkuntza sistemarako edota enplegu duinerako aukerak, esaterako).

LGTBI+ elkarteek aurtengo urtea hezkuntza eremuan jazarpena eta ziberjazarpena jasaten duten gazteei eskaini die; gazteek gaur egun oraindik haien izaera sexuala larritasunez bizi dute askotan, gizartean etengabe azaleratzen diren jarrera diskriminatzaile eta iraingarrien ondorioz. Hori guztia kezkagarria da, eta botere publikoek horri erantzun beharko liokete, haiei baitagokie ongizatea ziurtatzea eta jazarpenaren aurkako neurriak hartzea, aniztasuna sustatzea gizarte-balio gisa, eta gazteen artean parte-hartzea eta elkartegintza bultzatzea. 

Ekainaren 28ko egun honetan Pasaiako Udalean argi dugu borroka bizirik mantentzen dela, arrazoiak soberan daudela lesbiana, homosexual, transexual eta bisexualen herritar eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko, gure herri eta kaleetan, ikastetxeetan, familian zein lagunartean, lantokietan, publizitatean eta aisialdian.

Eta gure iritzian, aniztasun afektibo-sexualaren aldeko borroka, guztiona eta egunerokoa denez gero, Pasaiako Udalak erabaki hauek hartzen ditu:

  • LGTBI+ eta herritar kolektiboekin batera adostuko den espazio publiko bat (murala, bankua, zebrabidea, etab) LGTBI+ kolektiboa sinbolizatzen duen koloreekin pintatzea.
  • Pasaiako Udalak dei egiten du euskal herri eta hirietan antolatuko diren mobilizazioekin bat egitera, eta bereziki, gure herriko Pasai San Pedron, LGTBI+en alde, egingo den txupinazoan parte hartzera.
  • Ekainaren 28an aniztasunaren adierazgarria den ortzadar bandera jartzea Pasaiako eraikin publi-koetan, udal honen konpromisoa adierazteko.