Eduki publikatzailea

Ekainak 28 - LGTBI+ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna

Bozeramaileen batzarraren adierazpena

Ekainaren 28an pertsona gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen nazioarteko harrotasunaren eta eskubideen defentsaren eguna ospatzen da, 1969an Stonewall-en (New York) gertaturiko gatazkak omentzeko.

Urteotan Euskal Herrian eta baita inguruko beste herrialde batzuetan ere LGTBI+ eskubideetan aurrerapausoak egin direla ikusi ahal izan dugu. Tartean dira sexu berekoen arteko ezkontzak legeztatzea; agiri ofizialetan izena eta sexua aldatzeko legea; edo Europa mailan egin diren hainbat adierazpen, kide diren estatuei hiritargoaren zati bat baztertzeko egiten diren praktikak alde batera uzteko.

Hala ere, kasu askotan eskubide horien onarpena ez da onarpen formal hori baino harago joan, eta zoritxarrez, batzuetan aitortza hori ez da nahikoa komunitate honen eskubideak benetan errespetatuak izateko. Izan ere, LGTBI+ kolektiboen eskubideak eskuratu diren lurraldeetan jendarte parekide batean bizi garelako uste ustela sortu da, eta ondorioz, asko dira LGTBI+ eskubideak eskuratzearen aldeko borroka alboratzen dutenak, hain zuzen ere, egin beharrekoak eginak daudelakoan.

Baina gaurko egunean badaude arrazoiak borrokan jarraitzeko, zeren homo-trans-bifobia indartsu baitabil hainbat esparru ideologikotan, bai eta jendartearen parte batean ere. Eta horrekin batera, gainerako herritarrek dituzten eskubide berdinak eskuratzeko urratsak oraindik emateko daudelako (ugalketa sistemetarako sarbideak, transexualitatearen despatologizazioa gure osasun sisteman, hezkuntza sistemarako edota enplegu duinerako aukerak, esaterako).

LGTBI+ komunitateak gaur egun oraindik bere izaera sexuala larritasunez bizi du askotan, gizartean etengabe azaleratzen diren jarrera diskriminatzaile eta iraingarrien ondorioz. Hori guztia kezkagarria da, eta botere publikoek horri erantzun beharko liokete, haiei baitagokie ongizatea ziurtatzea eta jazarpenaren aurkako neurriak hartzea, aniztasuna gizarte-balio gisa sustatu eta zaintzeko.

Ekainaren 28ko egun honetan Pasaiako Udalean argi dugu borroka bizirik mantentzen dela, eta arrazoiak soberan daudela lesbiana, homosexual, transexual eta bisexualen herritar eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko, gure herri eta kaleetan, ikastetxeetan, familian zein lagunartean, lantokietan, publizitatean eta aisialdian.

Eta gure iritzian, aniztasun sexualaren aldeko borroka guztiona eta egunerokoa denez gero, Pasaiako Udalak erabaki hauek hartzen ditu:

  • Ekainaren 28an, LGTBI+ kolektiboekin batera hala adostuta, Antxoko zebrabide bat LGTBI+ komunitatea sinbolizatzen duen koloreekin pintatzea. 
  • Pasaiako Udalak dei egiten du euskal herri eta hirietan antolatuko diren mobilizazioekin bat egitera, eta bereziki, gure herriko Pasai San Pedron, LGTBI+en alde, egingo den txupinazoan parte hartzera.