Eduki publikatzailea

Ekainak 28 - LGTBI+ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna

Ekainaren 28an gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen nazioarteko harrotasun eta eskubideen defentsaren eguna ospatzen da, 1969an Stonewall-en (New York) gertaturiko gatazken omenez.

Urteotan Euskal Herrian eta inguruko beste herrialde batzuetan LGTBI+ kolektiboaren eskubideak direla-eta, aurrerapausoak egin direla ikusi ahal izan dugu; tartean dira sexu berdina duten pertsonen arteko ezkontzen legeztatzea, agiri ofizialetako izena eta sexua aldatzeko legea; edo europar mailan egin diren hainbat adierazpen, kide diren estatuetako hiritargoaren zati bat baztertzera eramaten dituzten praktikak egiteari uzteko.

Hala ere, kasu askotan eskubideen onarpena ez da onarpen formala baino harago joan, eta zoritxarrez batzuetan aitortza hori ez da nahikoa komunitate honen eskubideak benetan errespetatuak izateko. Izan ere, LGTBI+ kolektiboen eskubideak eskuratu diren lurraldeetan jendarte parekide batean bizi garen uste ustela sortu da, eta ondorioz, askok alboratzen dute  LGTBI+ kolektiboaren eskubideak eskuratzearen aldeko borroka, hain zuzen ere, egin beharrekoak eginak daudelakoan.

Baina gaurko egunean badaude arrazoiak borrokan jarraitzeko, zeren homo-trans-bifobia indartsu baitabil hainbat esparru ideologikotan, bai eta jendartearen zati batean ere. Eta horrekin batera, gainerako herritarrek dituzten eskubide berberak eskuratzeko urratsak oraindik egiteko daudelako (ugalketa sistemetarako sarbideak, transexualitatearen despatologizazioa gure osasun sisteman, hezkuntza sistemarako edota enplegu duinerako aukerak, esaterako).

LGTBI+ komunitateak gaur egun oraindik bere izaera sexuala larritasunez bizi du askotan, gizartean etengabe azaleratzen diren jarrera diskriminatzaile eta iraingarrien ondorioz. Hori guztia kezkagarria da, eta botere publikoek horri erantzun beharko liokete, haiei baitagokie ongizatea ziurtatzea eta jazarpenaren aurkako neurriak hartzea, aniztasuna gizarte-balio gisa sustatu eta zaintzeko.

Ekainaren 28ko egun honetan Pasaiako Udalean argi dugu borroka bizirik mantentzen dela, arrazoiak soberan daudela lesbiana, homosexual, transexual eta bisexualen herritar eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko, gure herri eta kaleetan, ikastetxeetan, familian zein lagunartean, lantokietan, publizitatean eta aisialdian.

Eta gure iritzian, aniztasun sexualaren aldeko borroka, guztiona eta egunerokoa denez gero, Pasaiako Udalak erabaki hau hartzen du:

  • Topagune eta Harremantxo kolektiboekin batera adostuta, Pasai Antxoko Ibaiondo pasealekuko eskailerak LGTBI+ komunitatea sinbolizatzen duen koloreekin margotzea.  
  • Pasaiako Udalak dei egiten du Euskal Herriko herri eta hirietan antolatuko diren mobilizazioekin bat egitera, eta bereziki, Pasaiako San Pedroko barrutian LGTBI+ kolektiboaren alde egingo den txupinazoan parte hartzera.