Eduki publikatzailea

Bizilagunak proiektuaren 8. edizioa

Pasaiako Udalaren Migrazio eta Aniztasun Arloak pasaitar guztiak animatu nahi ditu Bizilagunak izeneko proiektuan parte hartzera.

Ekimen horren zortzigarren edizioa 2019ko azaroaren 17an izango da, eta aurreko urteetan bezala, esparru berean bizi diren kolektibo etnokultural ugaritako familien artean harremana sortzea da xedea.

Bertako lagun eta familiak, eta atzerritar jatorria duten lagun eta familiak mahai baten inguruan biltzea da asmoa, besteak beste, honako hauek parteka ditzaten: jakiak, tradizioak, bizipenak, kultura, jatorria, sinesmenak, hizkuntzak, eskarmentuak, erronkak, erritmoak, sormena, ideologia, itxarokizunak, sentimenduak, ametsak, etab.

Elkartzea aitzakia da konfiantza, normaltasun eta intimitate handiko testuinguru batean komunikatzeko aukera izan ez dutenek aukera hori izan dezaten. Hurbilpen horiek suspertu nahi dira, gizarte-harreman egonkorragoak saretzen joan daitezen.

Bazkari guztietan dinamizatzaile edo bideratzaile bat izango da, SOS Arrazakerian heziketa jasoa duena. Lagun hori familien arteko bitartekaria izango da, eta hurbiltasuna errazten eta lotsak alde batera uzten lagunduko du, familien arteko elkarreragina ahalik eta emankorrena eta naturalena izan dadin.

Izen-emateak lotura honetan egin ditzakezue.