Eduki publikatzailea

Bizikleta 90 minutuan “elektrifikatzen” ikasteko tailerra

Ez da beti erraza izaten hiri ingurunean pedalei eragitea, batez ere aldapa edo malda pikoetan. Zailtasun horiek saihesteko bizikleta elektriko berri bat erostea pentsatuz gero, garestia gerta liteke bizikleta elektriko berriak ez direlako merkeak izan ohi. Baina pena ematen badizu zeure bizikleta baztertzeak eta ezin erabakirik bazabiltza bizikleta elektrikoa erosi ala ez, gaur egun merkatuan dauden kit elektrikoek aukera emango dizute bi bizikleta ereduen abantailak aprobetxatzeko. 

Kit elektrikoak gurpil bat izan ohi duten sistemak dira  –gehienetan aurreko gurpila ordezten du–, eta hari lotuta motor elektriko bat. Nahikoa da kableak eta bateria lotzea bizikleta hibridoa lortzeko, eta ereduaren arabera, 20 eta 100 kilometroko arteko autonomia eskuratzeko. Kit elektriko batek 300 eta 700 euro arteko prezioa izan ohi du, eta muntatzeko nahikoa dira 90 minutu.

Inoiz bizikleta elektrikora pasatzea pentsatu bai baina eredu tradizionala baztertu nahi ez dutenentzat konponbide polita da. Pasaiako Udaleko jarduera fisikoaren eta Kirolaren Sailetik, BIZIbadia deritzan bizikleten mailegu zerbitzuaren barruan, 5 kit elektriko erosi dira 20 bizikleta konbentzionaletatik 5 bizikleta elektriko bihurtzeko. 20 bizikleta horiek duela urtebetetik martxan den zerbitzuaren parke mugikorra osatzen dute, eta nahi duenarentzat Pasaiako udalerri guztian erabilgarri dago.

Herritar guztientzat zabalik dagoen tailer bat antolatu da, lehen eskutik esperimentatu ahal izateko merkatuan zer aukera dauden, haien ezaugarriak zein diren eta muntaketak nola egiten diren. 

Tailerra larunbatean izango da goizeko 10:00etatik 12:30era Trintxerpeko Alkateordetzan. Tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea Kirol Sailera deituta edota posta elektroniko bat bidalita: 943004330 / kirolak@pasaia.net