Eduki publikatzailea

Pasaiako bertso eskolaren aurkezpena

Pasaiako Udalak urteak daramatza euskararen sustapenean. Urte hauetan guztietan argi ikusi du euskararen erabileran eragiteko zein garrantzitsua den haur eta nerabeek eskolatik kanpo euskaraz bizitzeko guneak sortzea eta sustatzea, batez ere ahozkotasuna lantzeko. Hori dela eta, Pasaiako Udalak bertso eskola abian jartzeko  interes handia du. Bertso eskolak aukera paregabea eskaintzen du, haur eta nerabeek euskara modu atsegin, dibertigarri eta ludikoan bizitzeko, sormena lantzeko, ahozkotasuna hobetzeko eta haien euskara aberasteko, besteak beste. Bertso eskola haur eta nerabeek ahozkotasunean erraztasuna lortzeko tresna da.

Bertsozale elkarteak urteak daramatza Pasaiako ikastetxeetan "Gu ere bertsotan" egitasmoa eskaintzen, hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzeko egitasmoa. Oraingoan, ordea, bertsolaritza eskolatik atera eta bertso eskola sortzea da helburu Pasaian.

Baina, zer da bertso-eskola bat?

Bertso-eskolak bertsolaritzaren ezagutzan sakondu eta hizkuntzaren alde ludikoa lantzeko eratzen diren guneak dira, euskal kultura modu sortzaile eta aktibo batean bizitzeko.

Aisialdian haur, gazte zein helduen euskararen erabilera, bizitasuna eta kalitatea handitzeko sortuak dira. Era honetan, herriarentzako erreferenteak sortzen ditu, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa eta erreleboa ziurtatuz eta bertsolaritzaren eremu ezberdinak landuz (gai-jartzaile, epaile, bertsolari, bertsozale...). Izan ere, asteroko klaseez gain, herrietan bertso-eskola egoteak bertsoaren inguruan hainbat ekintza egitea dakar, hala nola bertso poteoak, Gabonetako eta jaietako bertso-saioak, bertsolari txapelketetako saioak.

Eta zertara joan bertso-eskolara?

  • Lagunekin ondo pasatzera (adin guztietako taldeak daude).
  • Bertsozaletzera.
  • Bertsoak kantatzera, idaztera, gaiak prestatzera...
  • Inprobisatzera...
  • Euskaraz bizitzera, euskara lantzera, euskararekin jolastera...
  • Herria eraikitzera, dinamizatzera...
  • Bertso-saioak antolatzera.

Bertso-eskolan bertsolariak daude baina joaten diren guztiek ez dute jendearen aurrean kantatu behar. Oso gauza ezberdinak egin daitezke bertso-eskolaren inguruan eta partaide guztiak dira bertso-eskolako kideak.

Pasaiako bertso eskola adin guztietako herritarrei irekita egongo da. Baina, sustapen lan berezia egingo da Pasaiako ikastetxeetako LH4, LH5, LH6 eta DBH1 mailetako ikasleekin. Ikastetxeetako ikasleek, ikastetxean bertan eman ahal izango dute izena.

Gainontzeko herritarrek izen ematea liburutegietan egiteko aukera izango dute irailaren 16tik 30era.

Bertso eskolaren egutegi, ordutegi, eta tokia izena ematen dutenekin batera adostuko dute. Hau da, ikasleen beharretara egokituko dira ordutegia eta saioak egiteko tokia. Hala ere, informazio gehiago lortu nahi izanez gero, deitu Pasaiako Udalera (943344034) edo idatzi euskara@pasaia.net helbide elektronikora.