Eduki publikatzailea

Udalak Azkueneko pistak erabiltzeko sistema aldatuko du asteburuetan

Udalak erabaki du Azkueneko pistak erabiltzeko sistema aldatzea, erabiltzaile batzuek asteburuetan bizilagunei sortzen dizkieten eragozpenak direla-eta. Pista horiek duela urte batzuk berritu ziren, eta publikoak eta doakoak dira. Aste barruan zenbait taldek beren entrenamenduak egiteko erabiltzen dituzte, eta erabilera horrek ez die inolako eragozpenik sortzen inguruko bizilagunei. Asteburuetan, berriz, herritar guztientzako zabalik egoten dira.

Berritu zirenetik kexa ugari jaso dugu, erabiltzaile batzuek asteburuetan gaizki erabiltzen dituztela-eta. Musika ozena, espazioaren monopolizazioa, zikinkeria eta gizalege falta izan dira jaso ditugun kexa batzuk, eta Udalak horiek zuzendu nahi ditu. 
Iaz Udala, Migrazio eta Kirol sailen bidez, saiatu zen asteburuetako erabiltzaileekin bitartekaritza lan bat egiten, egoera zuzentze aldera; baina saiakera horrek ez du arrakastarik izan. 

Horiek horrela, bizilagunei eragozpenak sortzen jarrai ez dezaten, udalak asteburuetako erabilera aldatzea erabaki du, hau da: pistak erabili ahal izateko, aldez aurretik eskaera egin beharko da; hartara, inork instalazioaren erabilera desegokia eginez gero, Udalak erabiltzaile hori identifikatzeko aukera izango du. 

Bizilagunen lasaitasuna eta atsedena ziurtatzeko, asteburuetako erreserben sistema abian jarri arte, eta asteburu honetatik aurrera, Azkueneko kirol pistak itxita egongo dira larunbateko 13:00etatik astelehenera arte. 

Udala lanean ari da, Trintxerpeko instalazio hori erreserbatzeko sistema berria lehenbailehen abian jartzeko, eta asteburuetan berriz ere pista irekitzeko, inguruko bizilagunei eragozpenik sortu gabe, kirol instalazio baten erabilerak errespetuzkoa eta zuzena behar duelako izan.