Eduki publikatzailea

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna

Nazio Batuen Batzar Nagusiak martxoaren 21ean ospatzen du Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta estatu-kideei eskatzen die ekintza-planak abiaraz ditzaten, arrazakeria eta apartheida ezabatzeko. UNESCOren zuzendari nagusiak 2017an zabaldutako mezuak gogorarazten digu arrazakeriak gizabanakoak eta gizartea hondatzen dituen pozoia dela, ezberdintasunak iraunarazten dituela, eta haserrea, amorrua eta indarkeria bultzatzen dituela. Krisi ekonomikoa eta ziurgabetasun soziala ezaugarri duten garaiotan, erraza da “bestea” erruduntzat hartzea, eta arraza-diskriminazioa tentazio arriskutsua bihurtzen da, zeina gorrotoaren artisauek ondo aprobetxatzen dakiten.

Gaur egungo arrazakeria, arraza-diskriminazio, xenofobia eta antzeko tolerantzia-ezeko ereduen NBEko errelatore bereziak txostena egin zuen 2013an Espainiaren inguruan. Bertan gogor kritikatu zuen arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako legeria, eta baietsi zuen migratzaile, ijito eta errefuxiatuen eskubideak urratzen zirela. Zehazki, adierazi zuen krisi ekonomikoak atzerakada ekarri zuela arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan; besteak beste, ildo horretan lan egiten duten erakundeen laguntza finantzarioaren ezagatik.

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Europako Batzordea (ECRI) Espainiara etorri da 2017ko urtarrilean, bosgarren txostena egiteko asmoz. Laugarren txostenean (2011) Nazio Batuetako errelatoreak agertutakoen antzeko kezkak jaso ziren.
Martxoaren 21ak gogorarazten digu edonolako arraza-diskriminazioa ezabatu beharra dagoela; eta bereziki garrantzitsua da, gizarte guztietan oraindik jarraitzen eta irauten duten xenofobia-mota sotilez gain, beste xenofobia-adierazpen kezkagarriak azaleratu direlako, gobernuek, gizarte-erakundeek, alderdi politikoek eta beste hainbat eragilek sustatuta. Horiek xenofobia-eredu instituzionalizatuak bihurtu daitezke eta, ondorioz, diskriminazioa ekarri dezakete. Halako jarrerak, behin martxan jarriz gero, oso zailak dira gelditzen. Jakina, Europatik iristen diren oihartzun kezkagarri ugariak direla-eta, egoerarik txarrena aurreikusten dugu, eta ideia horixe ­eta baita aukera hori ere­ barneratzen dugu.

Mugimendu xenofoboak gizartean zabaldu ohi dira, eta inpunitate-eremuak zein onespen-guneak sortzen dituzte. Errealitate horiek sendotu eta finkatu egiten dira, liderrek proposatzen dituztenean. Lider horiek, gizartearen sentipenetan oinarrituz, korronte ideologikoak sortzen dituzte, eta lehentasun nazionalaren izenean, haustura eragiten dute migratzaile-beharraren eta migratzaile horiek hartzen dituzten gizartean jasaten duten gaitzespenaren artean. Askotan erabiltzen den logika oker hori lelo batean laburbiltzen da: Needed, but not Wellcome!

ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarean, aditzera eman nahi dugu konpromisoa hartu dugula dauden prozedura eta mekanismo guztiak sustatu eta abian jartzeko, xenofobia- eta diskriminazio-ereduak −sotilak eta agerikoak, ala ez hainbeste− sustatu nahi dituzten proposamen politikoak eta diskurtsoak ahultzeko. Adierazpen eta diskurtso horiek ez dira gure izenean egingo, ez eta erakundeen izenean ere. Ikusirik politika xenofoboek zenbateraino egin duten aurrera Europan eta mundu-mailan, berretsi nahi dugu gure konpromisoa; hots, inpunitate-dinamikak galaraztearena baiezko demokratiko eta irmo baten bidez, ez daitezen gobernura iritsi. Giza eskubideek lehentasuna dute, eta eskuratu ditugun gobernu-moldeek barne hartu behar dituzte; horretarako, beharrezkoa da erakundeek irmoki uko egin diezaietela xenofobiari eta arrazakeriari.
ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sareak ezinbestekotzat jotzen du:

  • Arrazakeria eta xenofobia prebenitu eta ezabatzeko politika publikoak nahiz gizarte-estrategiak bultzatzea, ikuspegi deskolonizatzaile batetik, eta elkargunea bilatuz.
  • Immigranteek egindako ekarpenak azpimarratzea, eta Euskadiko biztanle guztien aukera berdintasuna bermatzea, baita sustapen sozial, ekonomiko eta kulturalerako aukerak indartzea ere.
  • Kulturartekotasunaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako jarrerak sustatzen dituzten hedapen- eta sentsibilizazio-ekintza nahiz estrategiak aktibatzea, zurrumurruen aurkako sareak sendotzea eta arreta berezia eskaintzea hezkuntza formalari zein ez-formalari.
  • Etika publikoa sustatzea, zeinak herritarrak kontzientziatuko dituen eta edozein arrazakeria- edo xenofobia-aztarna ezabatuko duen.
  • Alderdi politiko guztiek kode etikoa bereganatu dezatela gomendatzea, konpromisoa hartu dezaten demagogia eta populismorik ez egiteko immigranteen inguruan; halaber, bitartekoak ezar ditzatela, konpromiso hori betetzen ez dutenei zehapenak ezartzeko.