Eduki publikatzailea

Antxo Tour-Festa heldu da! Etorri berriei ongi-etorria

Helburua izango da Antxoko gazteek etorri berriei ongi-etorria eta harrera egitea. Lehendabizi, Antxon udal zerbitzuak eta gazteek gustuko dituzten lekuak erakutsiko dizkiete, musikaz girotutako ibilbide batean. Ondoren, festa bat egingo dute elkarrekin: musika, karaokea, jolasak eta merienda izango dituzte.

Jarduera hau “Ongi etorri, gazte!” ekimenaren baitan kokatzen da. Pasaiako Udalak herrira etorri berri direnei harrera egiteko Harrera Protokoloa onartu zuen iaz, eta aurten, urrats bat gehiago emanez, gazteak beste gazte batzuei ongi-etorria egiten inplikatu daitezen bultzatu du. Horretarako, partaidetza prozesu bat egin da gazteekin, eta gazteek beraiek erabaki dute zer egin nahi duten eta nola egin nahi dieten harrera gazte etorri berriei. Guztira, hiru jarduera adostu eta martxan jarri dituzte, Antxo Tour-Festa haietako bat da.

Antxon lantalde egonkor eta inplikatu bat sortu da, eta aniztasuna balioan jarriz eta partaidetza aktiboa oinarritzat hartuz, jarduera hau prestatu dute. Haiek aukeratu dute ibilbidea, prestatu dituzte jarduerak, komunikazioa landu dute (ikastetxeetan, kalean, etorri berrientzako gutunen bitartez…).

Eta dagoeneko eguna heldu da: martxoak 25 larunbatean, 17:30etik aurrera, Antxo Tour-Festa hasiko da! 12 eta 17 urte bitarteko antxotar, eta pasaitar guztiak gonbidatuta zaudete. Primeran pasako dugu, etorri berriei harrera egingo diegu, eta lagunak egingo ditugu!