Eduki publikatzailea

Aldundiko udalekuetan izena emateko epea

UDALEKUAK 7-13 URTE ARTEKO HAURRENTZAT

Pasaiako Udaleko Gazteria Departamentuak jakinarazten du Aldundiak antolatzen dituen udalekuetan izena aurretik emateko epea martxoaren 20an, astelehena, irekiko dela. Udaleko departamentu hau Aldundiarekin lankidetzan aritzen da, udalekuei buruzko informazioa emanez eta Pasaian izena emateko aukera eskainiz.

Udalekuak Euskal Herriko hainbat tokitan izango dira uztailean eta abuztuko lehenengo hamabostaldian, bai euskaraz eta bai ele bitan, 7 edo 10 eguneko txandatan. 

Aurrez izena emateko epea martxoaren 30era arte egongo da zabalik. Haurrek banaka edo taldeka eman dezakete izena (gehienez ere 3 haur). Plazak apirilaren 6an zozketatuko dira notario aurrean. Lehentasuna emango zaie aurreko urteetan parte hartu ez dutenei. 

Zozketaren emaitza eskutitzez jakinaraziko zaie; hala ere, nahi izanez gero, Gazteria  Departamentuan ere galdetu dezakete, akatsen bat egonez gero, erreklamazioa apirilaren 3tik 4ra arte aurkeztu ahal izateko.    

Plaza lortu dutenek ez dute berriz ere izena eman beharrik izango, nahikoa izango dute aldez aurretik gutun baten bitartez adieraziko zaien dokumentazioa zuzenean Aldundian aurkeztea jarritako epearen barruan. Hori eginda behin betiko matrikulatuta egongo dira. Bestela, eman zaien plazari uko egin dutela joko da.

Informazio gehiago jasotzeko edo Aldundiko udalekuetan izena emateko, Gazteria  Departamentura jo behar da (Euskadi Etorbidea, 61, Udal Euskaltegiaren ondoan), 9:00etatik 14:00etara; edo 943-004330 telefono-zenbakira deitu.

GAZTE OPORRALDIAK 14-17 URTE ARTEKO GAZTEENTZAT

Pasaiako Udaleko Gazteria Departamentuak jakinarazten du, martxoaren 20an, astelehena, irekiko dela Aldundiak antolatzen dituen gazte oporraldietan izena aurretik emateko epea. Udaleko departamentu hau Aldundiarekin lankidetzan aritzen da, gazte oporraldiei buruzko informazioa emanez eta Pasaian izena emateko aukera eskainiz.

Udalekuak Euskal Herriko eta Estatuko 13 lekutan izango dira (Valencia, Menorca, Guadalajara, Zarautz,...), uztailean eta abuztuan, euskaraz eta gaztelaniaz, 7 eta 10  egunetako txandetan.

Halaber, 10 eguneko udaleku bat ere izango da Lescurren (Pyrenées Atlantiques) 14 eta 15 urteko gazteentzat, frantsesa praktikatzeko.

Udaleku horiek ingurune natural erakargarrietan izango dira, eta jarduera ugari egingo dute gazteek: abenturazko jarduerak, ur jarduerak, aisialdikoak, festak, gaika antolatutako gau-jaiak. Jatorri ezberdinetako gazteekin jarduerak partekatuko dira.  

Aurrez izena emateko epea martxoaren 30era arte egongo da zabalik. Plazak apirilaren 6an zozketatuko dira notario aurrean. Lehentasuna izango dute azken urteetan udaleku gutxiagotan parte hartu dutenek.  

Zozketan aukeratzen direnek behin betiko izen-ematea egingo dute apirilaren 19tik 28ra bitarte. Matrikulak barne hartzen ditu gastu hauek: joan-etorriko bidaia, jarduerak egiteko materiala, mantenu osoko alojamendua eta asegurua.
  
Informazio gehiago jasotzeko edo Aldundiko udalekuetan izena emateko, Gazteria Sailera jo behar da (Euskadi Etorbidea, 61, Udal Euskaltegiaren ondoan), 9etatik 14:00etara; edo 943-004330 telefono-zenbakira deitu.