Eduki publikatzailea

Albaolako Lance Lee nazioarteko ontzigintza eskolan izena emateko epea zabalik

ZUREZKO ONTZIAK EGITEN IKASI

Albaolaren ontzigintza eskolak epea zabaldu du nazioarte mailan hirugarren promozioan eskaintzen dituen 6 lekuak betetzeko. 

2017ko irailean Albaola elkarteak Aprendiztegi Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskola jarri zuen abian. Mundu osoko ikasleek bete zituzten lehenengo eta bigarren promozioak, ia galduta zegoen itsas lanbidea ikasi asmoz. Bertako ikasleekin batera hainbat lekutako ikasleek eman zuten izena, besteak beste, Frantzia, Italia, Belgika, Grezia eta Estatu Batuetakoak honela kultur aniztasun handiko testuingurua sortuz. 

Eskola hau belaunaldi berriei belaunaldi berriei zurezko ontzigintza transmititzeko helburuarekin sortu zen eta dohainik da. Urtean soilik 6 leku eskaintzen ditu eta Europan berritzailea den formakuntza eredua eskaintzen du, ikasleen motibazioan eta hezkuntza esperientzialean oinarritua. 

Aprendiztegiren ezaugarriek munduan bakana bihurtzen dute: batetik, goi mailako 3 urteko formakuntza integrala eskaintzen du; bestetik, tamaina handiko ontziak eraikitzen dira bertan. Ikasleek eraikuntzaren fase guztietan hartzen dute parte, teknika berriak eta tradizionalak ikasiz.  

Eskolaren dinamika itsas ondarearen berreskurapen giro batean garatzen da eta Albaolaren dinamikari esker ezagutza berrietaz jabetzeko aukera ematen du; alegia, ikasleak profesionalen ondoan aritzen dira Pasaiako Itsas Kultur Faktorian eta museo-ontziola bisitatzen duten bisitarien aurrean. Erakusleihoa.

Aprendiztegik bere ikasleei historia egiteko eta San Juan baleontziaren eraikuntzaren parte izateko aukera ematen die, berau izanik UNESCOk babestutako ondare eta zientzia balioa duen ontzi bakarra munduan.  

Duela urte eta erdi ireki zenetik, san Juanaren eraikuntzan lan egiteaz gain, ikasleek 3 ontzi eraiki dituzte jadanik; waterwag bat, 4 metroko luzera duen estropadetarako jatorri irlandarreko belaontzia (salduta); shellback dinghy bat. EEBBetan diseinatua, 3,5 metrokoa eta couralin bat, Aturriko ontzi tradizionala. Gaur egun, ikasleak XX mende erdialdeko 5,5 metroko batel baten erreplika bukatzen ari dira eta beste bi ontziren eraikuntzarekin hasi dira bata 10 metro baino gehiagoko luzerakoa eta  bestea 15 metrokoa. 

Horrez gain, formakuntza osagarri gisara, ikasleek zerrategiak bisitatu dituzte, kongresuetara joan ahal izan dira eta upelgintza ikastaro bat egin dute; halaber, itsasoarekin lotutako teknologiaren beste alderdi batzuei buruzko ezagutzak hartzeko aukera izango dute esaterako, errementaritza, sokagintza eta txirriken eraikuntza. 

Albaolarentzat beti izan da garrantzitsua eskola hau abian jartzea, eta gaur egun proiektuaren bizkar hezurraren parte da. Funtsezkoa da itsas ondareak bizirik jarraitzeko helburuari begira eta zurezko ontzigintzaren lanbidearen transmisiorako, gal ez dadin, hala nahi duten guztientzat eskuragarri jarriz. 

Izena emateko epea zabalik dago; informazio gehiago nahi duenak albaolaren web orrian aurkituko du: 

http://www.albaola.com/eu/site/ontzigintza-eskola

Informazio gehiago:

  • ENARA NOVILLO. Marketing arduraduna
  • T. 943392426 
  • albaola@albaola.com. www.albaola.com