Eduki publikatzailea

Adierazpen instituzionala emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean

Azaroak 25

Biktimen erreparazioak emakumeei ahotsa ematea eskatzen du.

Azaroaren 25a dela eta, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzearekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Era berean, nazioarteko marko juridikoarekin bat, berriz azpimarratu behar dugu badagoela loturarik genero-arrazoiengatiko bazterkeria eta desberdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean, azken hori emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa bat bezala ulerturik.

Testuinguru honetan, arreta jarri nahi dugu indarkeria matxistaren biktimek duten erreparazio-eskubidean. Erreparazio horrek egiarako eskubidea dakar; alegia, bizi izandako indarkeriaren, salaketaren eta emakumeen hitzen errelatoa egiazki entzuna izatea.

Horren guztiaren xedea da hautsitako eskubideak lehengoratzea eta pairatutako indarkeriaren inpaktuak sozialki aitortzea.

Indarkeria matxista hauek bizitzen dituzten emakumeen errelatoak zalantzan jartzen direnean, haien hitza gutxietsia izaten da, zikindua, are isilarazia. Halakoetan biktimizazio bikoitza gertatzen da: emakume biktimek jasandako minari lotsa eta erruduntasuna eransten zaio; bitartean, justifikatu egiten dira erasotzaileak.

Tokiko Erakundeetatik gure egin behar dugu gizarte bat eraikitzean daukagun ardura sozial eta politikoa, gizarte horrek biktimen egiarako eskubidea bermatuko badu. BERDINSAREAtik, Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako euskal udalen saretik, indarkeria matxistaren aurrean udal erantzunaren artikulazioa lantzen ari gara, nola-eta Istanbuleko Hitzarmenaren markoa egokituz eta biktimen erreparaziorako toki-praktikak garatuz.

Ezinbestekoa da ahotsa ematea emakumeei, autoritatea beraien lekukotzari eta egiazkotasuna bizi izandako indarkeriari buruz egiten duten errelatoari.  Horrek esan nahi du indarkeriaz beharturiko emakumeen hitza aintzatetsi beharra dagoela, haien askatasuna berrezarri, hartara bizirik atera den pertsonatzat har daitezen eta beren komunitateetan eskubide osoko duintasun- eta herritartasun-zentzua berreskura dezaten.

Era berean, eta aurreko hausnarketaren ondorioz, beharrezkoa da gizonek gaiarekiko duten erantzunkizunean zentratzea.
Horretarako, Udalek ondokoak gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu:

  • Zerbitzuak hobetzen lagundu, sostengu-zerbitzuzko sare bat gauzatzearekin batera emakumeei arreta osoa bermatzeko bere onera etor daitezen, ahalduntze feminista eta banakako erreparazioa ikuspegi nagusi harturik.
  • Bizirik atera diren emakumeei entzun, prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatzeko; eta balioa eman aurre egiteko estrategiei, emakumeentzat baliagarriak direlako, bizirauteko ez ezik, haien burua babesteko eta ahalduntzeko.
  • Laguntza-zerbitzuetatik hasita, emakumeei laguntza eskaini, haiek bizi izandako indarkeria arloko errelatoa lantzeko, gizarte-sistema patriarkalean eraikitakoa baita errelato hori, menderatze eta kontrol mekanismo gisa eraikia. 
  • Ekimen kolektiboei laguntza eman (laguntza-taldeak eta plataformak), hartara, bizirik irtendako emakumeek indarkeria horri buruzko errelato kolektiboa landu dezaten eta hautsitako eskubideak zein erreparazioa aldarrika ditzaten.
  • Biktimen salaketa- eta erreklamazio-prozesuetan laguntza eman, emakumeek adierazitako testigantza eta beharrak egiaztatzeko.
  • Aldiro indarkeria matxistaren biktimen aldeko aitorpen publiko eta erreparazioko ekitaldiak egin, indibidualak zein kolektiboak: emakumeen erresistentzia-memoria berreskuratzeko ikerketak; omenaldi-ekitaldiak; emakumeen memoria eta errelatoak jakinarazteko jardunaldiak; gazteekiko sentsibilizazio-tailerrak, etab.
  • Elkarlanean jardun mugimendu feministako ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistatik bizirik irtendako emakume biktimen kolektibo eta elkarteekin.
  • Neurriak lantzea emakumeenganako indarkeria mota guztiak agerian jartzeko eta horiei erantzuna emateko.

Bukatzeko, mugimendu feministak azaroaren 25erako antolatu dituen mobilizazioekin bat egiten dugu, eta pasaitar guztiei dei egiten diegu Pasaiako zenbait taldek aste honetarako antolatutako ekintzetan parte har dezaten.