Eduki publikatzailea

Abiadura-kontrolak radar mugikorrekin, oinezkoen segurtasuna hobetzeko eta bermatzeko

Azken urteetan istripuak eta zaurituak izan diren kaleetan egingo dira kontrolak. 

Udalerriko zenbait bidetan ausazko kontrolak egingo dira martxotik aurrera.

Udalerriko bide batzuetan jada jarri dira radarrarekin abiadura-kontrolak egiteko aukeraz ohartarazten duten seinaleak.

2016an eta 2017an Pasaiako kale batzuetan istripu ugari izan da, batzuetan zaurituekin.      Besteak beste honako kale hauetan: Antxoko Nafarroa etorbidean eta Eskalantegin; Trintxerpeko Jaizkibel, Andonaegi eta Arrandegi kaleetan eta Euskadi etorbidean; eta San Pedroko Pablo-enea eta Arraunlari kaleetan. Horietan guztietan aurreko urteetan 3 istripu baino gehiago izan dira. Antzeko egoerak gertatu dira aurten Antxoko Nafarroa etorbidean eta Hamarretxetan, eta Trintxerpeko Euskadi etorbidean eta Azkuenen.

Udalerriko "puntu ilun" horietan gertatu diren istripuen arrazoia aztertzen aritu dira Mugikortasun Batzordea eta Udaltzaingoa, eta horien esanetan, gehienetan trafiko-arauak urratzeagatik eta, zehazki, gehiegizko abiaduragatik gertatu dira istripu horiek; eta gehiegizko abiadurak arriskuan jartzen ditu eremu horietan dabiltzan oinezkoak. Egoera hori larriagotu egiten da bereziki sentiberak diren kolektiboentzako ekipamenduak dauzkaten guneetan: haur-parke, zaharren egoitza, ikastola, eskola eta kirol guneen inguruetan.

Segurtasun-ezaren egoera konpontzeko eta sortutako istripuak eta horien ondorioak murrizten saiatzeko, Udala bide-segurtasuna bermatzeko hainbat neurri zehazten ari da. Lehenengo neurria izango da martxotik aurrera radar mugikorrekin abiadura kontrolak egitea, egiten diren arau-hausteen datuak bildu, eta portaera horiek arintzeko neurriak aztertzearren. 

Hori dela eta, Udaltzaingoak martxoan abiadura-kontrolak egingo ditu udalerriko zenbait lekutan, proba modura, datuak biltzeko. Probako lehen hilabete honetan abiadura-muga gainditu duten gidariei horren berri emango zaie.

Probaldia bukatzean, apiriletik aurrera, benetako abiadura-kontrolak egingo dira radarren bidez, ausaz, seinaleekin adierazitako udalerriko zenbait bidetan eta, beraz, arau-hausleei zigorrak ezarriko zaizkie.

Udalak aurreikusi du datuak biltzea eta ezarri beharreko neurriak aztertzea, eta neurri horien artean ez da baztertzen abiadura-kontrol iraunkorrak ezartzea pertsonentzako arrisku gehien dagoen eremuetan, eta arrisku-egoerak sortzen dituzten gidariak zigortzea. Udalak azpimarratu nahi du oso garrantzitsua dela oinezkoentzako ingurune seguruagoa eta atseginagoa izatea, trafikoa baretzeko neurriak ezarriz; eta pasaitarrei bide-segurtasun handiagoa bermatuko dieten konponbideak abian jartzea.