Eduki publikatzailea

36. Umorezko Antzerki Jardunaldiak

TARTUFO

Laboratorio de Artes Escénicas Marga Altolaguirre

  • Ciriza etxea, Trintxerpe
  • Urriak 6, 7 eta 8, 19:00etan

M.A. laborategiak Moliére-ren Tartuforen bertsio libre, garaikide eta diziplinartekoa sortu du.

Obra unibertsal honen beste bertsio bat erakutsi nahi dugu, aktore antzezpen dinamiko baten bitartez espazio ezohiko batean, zuzeneko musikarekin eta dramaturgia bereziki diseinatua eraikina bera protagonista izan dadin, eta hartara trama nagusia gertatzen den eszenatoki erreala bihurtzen da. Ikuspegi ez dualetik idatzia dago, eta industria guneak eta rock estetika dira nagusi.

UMOREA

Juan Cruz Gurrutxaga

  • Begihandi taberna, San Pedro
  • Urriak 13, 19:00etan

Barre egiteko aukera eskainiko digu azkoitiarrak berari gertatutako eta asmatutako istorioak kontatuz.

nterpretazio munduan denbora luzea darama Gurrutxagak; antzerkian konpainia garrantzitsuekin egin du lan eta telebistan, besteak beste, Goenkale telesailean egin zen ezaguna. Umorezko bakarrizketaren mundua arakatuko du oraingoan, helduei “stand up” comedy-a euskaraz eskaintzeko asmoarekin.

HAIEK NAIZ

Rojo telón zirko eta antzerki konpainia

  • Gure Zumardia, Antxo (eguraldi txarrarekin frontoian)
  • Urriak 15, 12:30etan

“Haiek naiz” obrak bidaia emozional intimo eta aldi berean dibertigarri bat proposatzen du, non pertsonaiek –hiru emakumezko– topo egiten baitute bide berean eta, erabakitzen bidaia elkarrekin jarraitzea: sortzen eta hazten gara, lan egin eta nekatzen gara, maitatzen eta amesten dugu, haserretzen eta izutzen gara. Baina dena errazagoa dateke elkarrekin eginez gero (are gehiago haietako bat gorra denean, nahiz eta mintzatzen den bakarra izan). 

Pertsonaiek aireko elementuak (trapezio hirukoitza, oihalak, … ) zein zoruko akrobazia eta akrobazia bertikala erabiliko dituzte kontakizunean, irudi esanguratsuez osatutako antzerki-jokoa osatuta. Horrela, eta clown-aren hurbileko teknikekin uztartuta, zirku ikuskizun garaikide dibertigarri eta hunkibera sortzea lortzen dute.

Mugimendu bakoitza, keinu bakoitza, akrobazioa bakoitza, isilune bakoitza eta emozio-eztanda bakoitza esanahiz beterik dago, eta istorio Gorri kolore bat ehuntzen dute, hezur-haragizko emakumeez hitz egiten duena.

SEX O NO SEX

Oihulari Klown

  • Kultur etxea, Antxo
  • Urriak 15, 20:00etan

Bizitzaz, heriotzaz edo sexuaz dituen kezkak plazaratzen dituen pailazoa da Pauxa. Hala, bizi izandako zenbait iniziazio publikoarekin partekatzeaz gainera, giza harremanez eta gizakien arteko lotura osasuntsuak kudeatzeko zailtasunez egingo du gogoeta. Virginia Imazek gozotasunetik eta genero ikuspegitik landuko ditu, umore-giroan, gai mordo bat, hala nola, hilekoa, isuria, norberaren gorputzarekiko harreman konplikatua, lehen musua, koitoa, erditzea, menopausia...eta, oro har, oraindik gainditzeko daukagun erruduntasunik gabeko plazera. Hori guztia genero ikuspegia aintzat hartuta.

AZKEN PORTUA

Dejabu panpin laborategia

  • Juanba Berasategi aretoa, Donibane
  • Urriak 20, Ikastetxeentzako saioa

Didi eta Gogo dira Azken Portuko biztanle bakarrak, eta denbora luzea da ez dutela barkurik ikusi itsaso zabaletik portura iristen. Gogo zaharrak ez du jada egun hura gogoratzen.

Dena den, Didi gaztearen jakinminak Gogoren oroimenetan murgiltzera eramango gaitu, Euskal Herriko arrantzaleen garaiak, Enbata barkuaren azken bidaia eta Krixpin gaztearen abentura zoragarriak bizituko ditugu.

MISS KARAOKE

Metrokoadroka kolektiboa & Pez limbo

  • Juanba Berasategi aretoa, Donibane
  • Urriak 21, 21:00etan

Miss Karaoke-k abesti bat kantatzeko enkargua jaso du, eta urduritzen hasia da. Zer kantatuko du Ebento Handian, Antolatzaile Handiaren enkarguz, Jende Guztiaren aurrean? Are gehiago, zein hizkuntza aukeratuko du? Gutxiengo gutxitu, gehiengo gutxitu, gutxiengo gehiengotu edo gehiengo gehiengotuagotuentzat kantatuko du?

“Zerk definitzen zaitu?”, “Identitatea aukeratu egiten da, edo identitateak aukeratzen zaitu zu?”. Era horretako galderei erantzuna bilatuko die Miss Karaokek, bere barne ahotsekin talkan. Umorea, absurdoa eta perfomance arima uztartzen dira eszena-lan honen taularatzean.

BARREZ BLAI

Ion Martinez

  • Antxeta taberna, San Pedro
  • Urriak 22, 19:00etan

BARREZ BLAI! bakarrizketak eta inprobisazioak egiten diren bakarrizketa saioa da, non hainbat eta hainbat gai ukitzen diren, euskaldunen egunerokotasunean oso gertukoak direnak: Euskal Herria bera, euskal biztanleria, Txikiri buruzkoak, ikastoletako garaiak eta gertakizunak, txikitatik nerabetasunera gertatutakoak, unibertsitate garaikoak.

Maitasunezko euskal abestien errepaso txiki bat ere egiten da.

Euskal Herrian ditugun ohiturez eta Euskal Herriko jendeaz hitz egiten da. Inprobisazio momento batzuk ere badaude.

Ikusgarri honetan  ikusleak partaide nagusi dira eta bukatzeko txiste traka finala dago, Donostiako suen antzekoa.

CABARET CHIHUAHUA

  • Juanba Berasategi aretoa, Donibane
  • Urriak 22, 20:00etan

Zuzeneko musika eta umorea eskutik doaz ikuskizun honetan. Krisiak kabaretaren munduan ere izan duen eraginari buruz ironizatzen du. Felipe Lozak sortu eta zuzendu duen komedia musikala giro euskal-mexikarrean gertatzen da, musika, dantza eta varieté artean.

Cabaret Chihuahuako gau alaietan askotariko pertsonaiak gurutzatzen dira: Liza Minelli, Marilyn Monroe, Amy Winehouse, Cantinflas eta Frida Khalo artistak, Sabino Arana politikaria eta Montserrat Caballé abeslaria, besteak beste.

Horiek guztiek bat egingo dute haragoko (batek daki zeruan edo infernuan) taberna-zulo batean, eta ongietorria egingo diote beste bizitzara heldu berri den zorigaiztoko bati. Horrela, abestiekin, umore handiarekin eta elkarrizketa frenetiko eta koralekin, bilbe absurdoa garatuko da, eta barre-algara etenik gabe elikatuko du, gizarte kritikari muzin egin gabe.

 

UMOREZKO ANTZERKI JARDUNALDIAK

Eskuko programa (PDF 0,4 Mb)