Eduki publikatzailea

"Treblinkarako azken trena" izeneko ikuskizuna Ciriza etxean

  • Ostegunean, maiatzaren 11n, 19:30ean Trintxerpeko Ciriza etxean (gazteleraz)
  • Sarrerak: 10€tan (salmenta egunean bertan 17:30etatik aurrera)
  • Goizean saio berezia antolatu da Pasaiako ikastetxeekin

SINOPSIA

1942ko abuztuaren 5a, asteazkena, Varsovia. Umezurztegi bat, 200 haur judutarren bizilekua.

Janusz Kòrczak mediku eta pedagogoak, hango buru zelarik, haur-errepublika zinezko bat sortu zuen bere laguntzaile min Stefania Wilzynskarekin batera. Haurrekin eskuz esku jardunez,  konstituzio bat sortu zuen, bere lege, araudiekin, bai eta bere zigorkodearekin ere. Ikus-entzuleek parte hartuko dute horretan, beren ohe-literetan egongo baitira, umezurztegiaren azken egunean, eta hartara parte hartuko dute barne-antolamenduan, eguneroko errutinan, hango beldur eta alaitasunetan. Ikus-entzuleak epaiketa baten lekuko izango dira, non jakinarazpen izugarri batek amaiera emango baitie hango ametsei, bizitzari: umezurztegitik alde egin behar dute, eta tren bat hartu, Treblinkako sarraski-esparrura eramango dituen trena. Gure ikuskizuna biktima guztiei egindako omenaldi bat da eta Janusz Korczaki eskeinitako oroipena, haurren bizitza duin egiteko borrokatu zen izaki aparta; baina baita hatz salatzailez ezagutarazteko bidea ere, munduko behartsu gehienak haurrak baitira eta munduko haur gehienak behartsuak. 

PROIEKTUAREN HELBURUAK 

Hain da liluragarria Janusz Korczak-en nortasuna, hain gizon poliedrikoa zen bera, eta hain ideia pegagogiko hausleak sumatu eta gauzatu zituen, non, amaiera epiko hartako protagonista izan gabe ere, haren irudiak gure arreta mereziko bailuke. Haren bizitza iruditzen zaigu liluragarria, ez haren heriotza, zeren eta, zaila izanik ideia baten alde hiltzea, ideia baten alde bizitzea baita benetan heroikoa; orduz ordu, egunez egun bizitzea. Eta hark haurtzaroa izan zuen bere ideia, bere grina eta obsesioa. Ordura arte, inork ez zituen ikusi haurrak Korczaken begiez; ez biharko gizon eta emakumeak balira bezala, baizik eta eskubideak dituzten pertsonak bezala, beste ezer baino lehen errespetua merezi duten pertsonak. Errespetua haurrari; errespetua, bere ezjakintasunagatik; errespetua, jakiteko bilaketa nekosoagatik; errespetua haren porrot eta malkoei. Errespetua, orainaldiko minutuengatik. Errespetua, joan doan une bakoitzagatik. Korczakek beti egin zien muzin bere lan zaila zela-eta egiten zizkioten laudorioei. Hark ez zuen sentitzen halako “sakrifiziorik”, haren bizitza osoko lana haurrengana sentitzen zuen maitasunaren ondorio zuzena zen.

“Ez naiz sakrifikatzen haurrengatik, neuregatik baizik. Neuk behar dut sakrifizio hori”. 

Korczakek aitortzen du, bizitza ederra eta zaila eman ziezaiola eskatu ziola Jainkoari gaztetan, nahiz eta ia sinetsi ere ez Harengan. Eta izan zuen, bai. Bere heriotza bezain ederra eta zaila. Historia ederra dugu kontatzeko, Korczakena, bere ardurapekoekin eta umezurtzekin. Hura gogoratu behar dugu, berriz gertatu ezin denaren oroigarri; hura omendu behar dugu, haren historiaren inguruko gertaera haietan ageri baita giza arimaren alderdirik ilunena eta argiz beteena, bata bestea gabe ezinezko balitz bezala. Eta haren bizitzako zerik heroikoena ez zen izan haren immolazioa, hori ere handia izan arren, baizik eta egunez eguneko bizitza. Korczakek zioenez, “errazena ideia baten alde hiltzea da, film batean bezala; zailena, berriz, egunez egun ideia baten alde bizitzea da. Liluratu egiten gaitu, noski, biziraupenaren sena indartsu sentituko zuen norbaitek–gizaki orok sentitzen duen bezala–hura menderatzea maitasunagatik eta koherentziagatik. Baina haren benetako balentria ingurua aldatzeko egindako borroka izan zen, ahulenen alde bere burua osorik eman izana, ahuletan ahulenen alde, “ero txikien” alde, eta haien bizimodua hobetzeko eta bizitza duintzeko borroka. Eta hori proiektuaren beste helburu batekin lotzen da: haren ondare pedagogiko, humano eta soziala zertxobait ezagutaraztea, joera pedagogiko modernoenek egin duten bezala, haren autokudeaketa-praktika sakon aztertuz eta aplikatuz.

Badakigu, halaber, Korczaken planteamenduen arabera osatu zela Haurren Eskubideen Konbentzioa(Geneva, 1959), gauza goresgarria, berez, haurren eskubideak aitortzeko balio izan zuenagatik; lorpen bat, batez ere gure lehen mundu honetarako. Baina badakigu, halaber, 
haurrei dagokienez, asko falta dela egiteko, zoritxarrez. Era berean, gure lanak egoera hori salatzea nahi dugu, ez iraganeko egoera, ezpada gaurkoa; akuilu izan dadila, gizarte hipokrita baten hatz salatzaile izan dadila, gizarte horrek oraindik ere egoera horrek iraun dezan uzten baitu. “Gaixorik gaude akats askorekin eta beste hainbat errurekin, baina gure deliturik larriena haurren bazterketada; biziaren iturriaren bazterketa. Behar ditugun gauza askok itxaron dezakete; Haurrak, ez. Hari ezin zaio erantzun Bihar. Hark Orain du izena". Aldarrikatunahi dugu, halaber, Korczaken unibertsaltasuna; judua eta poloniarra izan zen, eta inguruabar horiek erabaki zituzten haren bizitza eta haren heriotza, baina batez ere ohiz kanpoko izaki bat izan zen, aurreratua bere garairako; bere indar guztia, bere ezagutza eta nahimen indartsua, gatazketan arrisku handienean diren biktimen alde jarri baitzuen, haurren alde. 

“Haurrekin eman zituen eguneko eta gaueko ordu guztiak. Sendagilea izan zen, zapatagarbitzailea, ipuin-kontalaria, jolaskidea, liburuzaina, bihotz-kontuetako tutorea, mahaia jasotzen zuena, Justizia Batzarreko fiskala, Gazetaren argitaratzailea, txirula-jotzailea, aktorea, pailazoa, patata-zuritzailea, bizitzeko behar zen dirua lortzen zuen borrokaria. Haien sekretuak, lotsak, ilusioak ezagutzen zituen, eta umezurztegiko isiltasuna entzun zitekeenean, azken egitekoa betetzen zuen: lo zeuden haurren arnasari erreparatzea”. 

IKUSKIZUNAREN HASIERA ETA ESTREINALDIA

Uztailaren hasieratik urriaren amaieraraino, Larratxo Kultur Etxea Varsoviako ghettoan sortutako umezurztegi bihurtuko da. Han izango dugu egoitza, Donostia Kulturaren eskuzabaltasunari esker eta, bereziki, Larratxo K. E.ri esker. Aktoreek, teknikariek, eszenografoek, musikariek, produktoreek... osatutako talde jendetsu bat Altzako jendearekin biziko gara, hango kaleetan, kafetegietan, hango supermerkatu eta tabernetan, eta urriaren 1ean estreinatu eta ikusentzuleen aurrean jarriko dugu; astegun buruzurian, gazteentzako saioetan, eta asteburuetan, nornahirentzat. Ikuskizun harrigarri eta hunkigarri hau 2016ko Hiriburutzaren barruan aurkeztu zen, Donostia Kulturaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker, eta Larratxo Kultur Etxean izan ziren funtzioak; astegunetan, gazteentzat, eta asteburuetan, edonorentzat. “Familientzako ikuskizuna” da, baina ez da ohikoa, batetik helduak hartuko baititu, baina 10 urtetik gorako haurrak ere etorri ahal izango baitira; hartara, belaunaldi batzuk besteekin izango dira emankizunetan. 

FITXA ARTISTIKOA ETA TEKNIKOA

JATORRIZKO IDEIA

ANA PIMENTA –FERNANDO BERNUES

ZUZENDARITZA

MIREIA GABILONDO

TESTUA

PATXO TELLERIA

ZUZENDARI LAGUNTZAILEA

KEPA ERRASTI

ESPAZIO ESZENIKOA

FERNANDO BERNUÉS

ESZENOGRAFIAREN GAUZATZEA

IÑIGO LACASA

ATREZZOA

JULIA GYSLING

JANTZIGINTZA

ANA TURRILLAS

MUSIKA ETA SOINU GUNEA

IÑAKI SALVADOR

ARGIEN DISEINUA

XABIER LOZANO

ZUZENDARITZA TEKNIKOA ETA SOINUZTAPENA

IÑIGO LACASA

ARGIZTAPENA

ANDONI MENDIZABAL

BABES TEKNIKOA

DAVID SALVADOR

EKOIZPEN ZUZENDARITZA

ANA PIMENTA

EKOIZPENA

JULIA GYSLING/IZASKUN IMIZKOZ

INTERPRETEAK

KORCZAK

ALFONSO TORREGROSA/JOSE RAMON SOROIZ

STEFA

MAIKEN BEITIA

DANEL

ENEKOSAGARDOY

SLOMO

GORKA MARTIN

MIRYAM

TANIA FORNIELES

NATKA

NEREA ELIZALDE

JANUSZ

JON CASAMAYOR

CZERNIAKOW/ TENIENTE GESTAPO

MIKEL LASKURAIN

GANCHWAJ/OFICIAL GESTAPO

KEPA ERRASTI